argia.eus
INPRIMATU
Minbizien %21 kasu berri gutxiago detektatu ditu osasun sistemak, COVID-19 dela-eta
  • Espainiako Onkologia Elkarteko (gazteleraz SEOM) presidente den Álvaro Rodríguez-Lescurek ohartarazi du "ezinbestekoa dela COVID-19a ez diren gaixotasun larrien artatze, diagnostiko eta tratamendu jarraia bermatzea, gaixotasun hauengatik gehiago hiltzea saihesteko". Pandemiaren lehen olatuan aurreko urtean baino %21 minbizi kasu berri gutxiago detektatu ziren.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko otsailaren 02a

Urtez urte gora doa minbizi kasuen kopurua. Hurrengo urteetan, goranzko joera horri beste kopuru bat gehitu beharko zaiola ohartarazi du Rodríguez-Lescurek: "Pandemiaren lehen olatuan diagnostikatu ez ziren kasu berrien %21".

Rodríghez-Lescurek honela azaldu du COVID-19 pandemiaren ondorioz minbiziaren tratamenduek izan duten aldaketa: "jada artatzen ari ginen gaixoek egokitzapen bat jasa dute egoera berezi honengatik, eta Onkologia Zerbitzuetatik telefono bidezko arreta lehenetsi dugu eta tratamentuak egokitu ditugu arriskuak gutxitzeko. Arazoa etorkizuneko gaixoak dira, sistematik kanpo baitaude eta linbo batean daude. (...) Diagnostiko tasa txikiagoa izanik, kezkatzen gaitu tumoreak aurreratuago iristea erietxera, edo iritsiko al diren ere".

Baliabideak eskatu ditu Onkologia Elkarteak

Beharrezkoak diren baliabideak jar daitezela eskatu du Espainiako Onkologia Elkarteak: giza baliabideak, teknologikoak eta diagnostikorakoak, hartara minbizia detektatzen atzerapenak saihesteko, horrek ez dezan eragin minbizidun gaixoak sendatzeko aukera galtzea.

Espainiako minbizi datuak 2021 txostena argitaratu du elkarte honek eta bertan ikus daitezke Espainiako Estatuan minbizi klase bakoitzaren kopuruak.