argia.eus
INPRIMATU
Minbizian, genetikak baino eragin askoz handiagoa du bizimoduak eta kutsadurak
  • Hala ziurtatu zuen Biodonostiako ikerlari eta biokimiko Jesus Maria Bañalesek larunbatean Donostian eskainitako hitzaldian, Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteak antolatuta. Elikadura egokia eramatea, jardun fisiko jarraitua izatea, kutsadura ahal bezainbeste saihestea eta bake emozionala bilatzea aholkatu zituen Bañalesek, minbiziari aurre egiteko.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 21a
Elikadura osasuntsua funtsezkoa da minbizia prebenitzeko.

Ikerlariak adierazi zuenez, herentzia genetikoak minbizi kasuen %15ekin baino ez du zerikusia, eta gainerakoetan bizimodua eta kutsadura dira gakoak. Azken 50 urteotan, minbizi kasuak asko areagotu direla gogoratu zuen Bañalesek, bereziki Mendebaldeko herrialdeetan. "Frantzian, adibidez, azken 20 ureotan %60 areagotu da gaixotasuna".

Minbizia nola sortzen den azaldu zuen biokimikoak: gure gorputzak zelula akastunak sortzen ditu etengabe eta horiek atzeman eta blokeatzeko, "natural killer" izeneko zelulak ditugu. Sistema immunea ongi ez dabilenean, "natural killer" horien kopurua gutxitu egiten da eta organismoak aukera handiagoak ditu gaixotasunak izateko. Sistema immuneari laguntzeko, egoki jatea, toxinetatik babestea, ariketa fisikoa egitea eta emozioak kontrolatzea (estresa saihestea) funtsezkoa dela argitu zuen adituak. "Iraganeko elikadura berreskuratu beharko genuke eta minbizitik babestu nahi duenak azukrearen eta irin zuriaren kontsumoa gutxitu beharko luke".