argia.eus
INPRIMATU
‘Miñan’ liburuaren irakurketa publikoa egingo dute larunbatean Donapaleun
  • Amikuze eskualdeko ehun gaztek Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa, 2019) liburuaren irakurketa publikoa egingo dute Donapaleuko zineman larunbat goizean, 9:00etatik eguerdira arte. Migrazioaren inguruko kantaldi bat eta hitzaldi bat ere antolatu dituzte.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 13a

Urriaren 16an izango da irakurketa publikoa, Donapaleuko zineman, eta jendeari entzutera gerturatzeko deia egin du Zabalik elkarteak. Etorkinekin sareko Elkartasuna Amikuzen elkartearekin batera antolatu du ekimena Zabalik-ek. Amets Arzallusek letraz eta Ibrahima Baldek ahoz idatzitako Miñan liburuak Baldek Afrika erditik Europaraino egindako ibilbidea kontatzen du modu zintzo eta gogorrean, bideko oztopo, arrisku, mehatxu eta sorterriko oroitzapenak harilkatuz.

Eguerdian, aperitifaren garaian, "Migrazioa kantuz" ekitaldia egingo dute. Gure kantagintzako migrazioari lotutako kantuen lagin bat abestuko dute orduan.

Hurrengo asteko ostiralean, urriaren 22an, 20:30etan, gai beraren inguruko hitzaldia antolatu dute Donapaleuko herriko etxeko gela berdean. Bertan izango dira Amets Arzallus eta Etorkinekin sareko lekuko bat, migrante gazte eta nerabeen harreraren xehetasunak azaltzeko. Era berean, Elkartasuna Amikuzen elkartekoek ere beren lanaren berri emanen dute.

Zabalik elkarteak adierazi duenez, ekitaldiok “parada ona dira gaur egungo mundu mailako sarraski handienetariko baten berri hartzeko, eta gogoetatzeko, gure ttipian, nolako elkartasun keinuak antola ditzakegun hemendik beretik”.

Miñan, audioliburu gisa

Gainera, aste honetan bertan argitaratu du Susa argitaletxeak Miñan liburua audioliburu formatuan, Amets Arzallusen ahotsean emanda. Esteka honetan dago entzungai: Miñan audioliburua.