Madrileko Moncloa jauregiaren atarian euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu zuten larunbatean mimoz jantzitako hiru gaztek. Ekimen honekin hasi du ibilbidea Mimoak mugimenduak. Ostegunean aurkeztuko dute egitasmoa Iruñean.
Hiru kartel zeramatzaten mimoek. Hauetako bi Mariano Rajoy Espainiako presidenteari zuzendurik zeuden: Mariano, mugitu, presoak Euskal Herrira zioen batek, eta Rajoy, pilota zure teilatuan dago besteak. Hirugarrenak presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen zuen.
Larunbata hautatu zuten mimoek Espainia eta Frantziaren arteko Eurokopako futbol partida jokatzen zelako. Mugimenduko kideek nabarmendu nahi izan zuten arazo honen erantzunkizuna bi gobernu horiek dutela.
Mimoek ostegunean 19:00etan Tximeleta taldeak eginiko kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzte Iruñeko Nafarroa Antzerki Eskolan. Kantuaren letrak Julio Soto bertsolariak idatzi ditu.
Twitterren ere sortu dute kontua: MimoakGara.