argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat euro baino gehiago ordaindu dute EAEko herritarrek Mozal Legearen ondorioz
  • 2015. urtean indarrren sartu zen Mozal Legea Espainiako Estatuan, eta 2016an Eusko Legebiltzarrak legea ez aplikatzeko hautua egin zuen arren, aplikazioa zabala izan du Hego Euskal Herrian. Hala Bedi irratiak argitaratu duen informazioaren arabera, EAEko herritarrek 1.286.974,64 euro ordaindu dituzte isunetan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 09a

Legeaz 2016ko ekainaren 22ko Legebiltzarreko saioan Mozal Legea ez aplikatzeko proposamenaz aritu ziren. Eh Bildu, PSE, Ahal Dugu eta EAJ ados azaldu ziren, eta aurka bozkatu zuen bakarra PP izan zen. Jeltzaleek Mozal Legearen isuna “bidegabea” zela zioten, askatasuna “urratzen” zuela, eta kazetariei ez ezik, herritar guztiei “eragiten” ziela legeak. “Onartezina” zela zioen Juan Carlos Ramírez Escudero EAJko legebiltzarkideak. Proposamena onartuta, Eusko Jaurlaritzara igorri zuten ideia, baina bere horretan geratu zen.

2015ean Espainiako Gobernuak indarrean sartu zuenetik, sarritan aplikatu izan da Mozal Legea EAEn. Hala Bedi-k  EAEko Administrazioaren Ordainketa- eta Kobratze-sistema Integralaren datuetan oinarrituta, argitaratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek 1.286.974,64€ ordaindu dituztela Mozal Legeak ezarritako isunetan. Datu horien arabera, Gipuzkoan da kopururik handiena, ia 600.000€, Bizkaian 570.000€ baino gehiago, eta azkenik Araba, 120.000€ inguru.