argia.eus
INPRIMATU
Militarren sendabelarra guretzat ere txarra ez
  • Santio-belarraz (Hypericum perforatum) ari naiz, akaso irakurleak ausiki-belar, epai-belar, hostoargal, likurusna edo milazulo izenez ere ezagutuko duenaz, baina militarren sendabelarra esango banu zer, lotura egitea pixka bat gehiago kostako da, ezta?

GarbiƱe Larrea Iturralde 2023ko ekainaren 26a
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Sendabelar magikotzat jo izan da, igaro berri dugun San Juan egunaren inguruko tradizio askotan aurkituko dugu. Ez da edozein, Erdi Aroan deabrua uxatzeko ere erabiltzen zelako, atarian babesgarri moduan ipinita. Euskal Herriko hainbat tokitan San Juan eguneko sendabelar eta lore sortan ipintzen jarraitzen dugu, badaezpada ere.

I. mendean armada erromatarreko mediku zen Dioskoridesek idatzi zuen berari buruz eta egin zituen azterketek formula asko ezarri zituztela ikusten dugu, ordutik oso erabilia izanik. Mina arintzea du helburu, gorputzekoa bezain ondo arimakoa, hala, antidepresibo erabilia da. Gaur egun ere, orduan bezalaxe, gerrek sortzen dituzten min anitzak tratatzeko ona da. Norberak jakingo du bere batailen berri, nahiz ez izan soldadu…

Flabonoideak, polifenolak, taninoak, karotenoideak, fitosterolak, pektina, olio esentzialak, hipericina, hiperosidoa, hiperforina, olio esentziala eta pigmentu gorria ditu loreak eta osagai hauetako batzuk bakarrik hostoak. Horregatik, ahal dela, lorea erabiltzen saiatu behar dugu. Lore irekia, egun eguzkitsuan bildua, adituek diotenez. Osagai hauek sedatzaileak eta depresio arinaren kontrakoak dira; antsietatea, urduritasuna eta hauek eragindako insomnioa tratatzeko ere balio dute.

Kanpo erabileran oliba oliotan beratu eta eguzkitan berrogeialdi batean edukita sekulako oleatoa egiten da, urre gorriaren parekoa. Bera hutsik azalean igurtzita giharretako gogortasuna eta hantura tratatuko ditugu. Ukendua egin nahi duenak egin dezake baina oleatoa hutsik erabiltzea ondo dago zauriak, ultzerak, erredurak eta urratuak tratatzeko, antibakteriano ona baita. Zauri irekia eta kolpea batera ditugunerako egokia da, kirurgia osteko zauriak zaintzeko ere bai. Zirkulazioa babesten duelako neguan erabiltzea gomendatzen dugu, ospelei aurrea hartzeko.

Eragin antidepresiboa duten sendabelar zein botiken albo ondorioak izan ditzake: urdaileko arazoak, urduritasuna, buruko mina, goragalea, gosea, ahoa lehortzea eta azkura. Halakoetan ez erabiltzea gomendatzen da. Botika askorekin ez da bateragarria, buruko gaitzetarako botikak hartzen direnean psikiatrak erabaki behar du egokitasuna. Analgesikoak, anestesikoak, antisorgailuak, antirretrobiralak, digoxina, tiroxina, botika antiarritmikoak eta onkologikoak hartzen direnean ere ezin da erabili. Kasu hauetan denetan ukendua segurua da.

Infusio zein tinturan hartu edo ukendu zein oleatoa larruazalean emanez gero ez da eguzkirik hartu behar, larruazalean orbanak aterako zaizkigulako. Hala, neguan bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili.