argia.eus
INPRIMATU
Militarren “espektakulua” Bardeetan
  • Atzo hasi eta bihar arte, Espainiako Armadak maniobrak egingo ditu Errege Bardeetako tiro eremuan, benetako armamentua erabilita. Tiro eremuaren aurkako kolektiboen kritikei erantzunez, Jose Antonio Gayarre Bardeetako Batzarreko presidenteak esan du herritarrek gustuko dituztela maniobra militarrak: "Espektakulua dira, eta ikustera joango dira gaur ere".

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 26a
Benetako armamentua erabiltzen ari dira militarrak.

100 hegazkin eta 500 bat soldadu ari dira parte hartzen Siriar ekaitza deitutako operazioan. Tiro eremuaren aurkako plataformako bozeramaile Milagros Rubiok salatu duenez, armadak ez du maniobren berri aurrez eman: "Itxuraz, ez da ezer gertatzen ari, informaziorik ez daukagu".

Plataformak Erriberako udalei eskatu die benetako armamentua darabilten maniobren aurkako helegiteak aurkezteko, jakin badakien arren "eroso" daudela, "krisi garaian finantzabide gehigarria lortzeko bidea direlako Bardeak".

Horren ildotik, Gayarrek azaldu du Batzarrak ez duela erabakiak hartzeko ahalmenik. "Egia da dirua lortzen dugula Bardeetako eremu bat alokatuta", gehitu du, Berriako kazetari Garikoitz Goikoetxeak jaso duen moduan. "Beti kontu bera. Nafarroa iparraldera eta Euskadira noan bakoitzean, beti kantu berbera kantatzen didate".

Sinadura bilketa Tuteran

Tiro eremuaren aurkako plataformak informazio-mahaia jarriko du bihar Tuterako Foruen plazan, 20:00etan. Sinadura bilketa ere egingo dute, militarrek Bardeetatik "alde egin dezaten" eskatzeko.

Albistea ETB2n: