argia.eus
INPRIMATU
Militarrek atzera egin dute Ezkaba mendiko itxitura proiektuarekin
  • Asteazkeneko Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuran eman zuen horren berri Jose María Aierdik, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen lehendakariordeak, gaiaz EH Bilduk egindako galderari erantzunez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko irailaren 13a
Eraikin hau bukatzear da, baina militarrek ez dute berau eraikitzeko bahimenik eskatu.

Aurtengo otsailean egin zion lizentzia eskaria Defentsa Ministerioak Berriobeitiko Udalari eta irailaren hasieran udalak ukatu egin zion baimena, hesi hori ondasun publikoen aurkakoa zela argudiatuz.

Itxiturak Aitzoaingo egungo militarren kuarteleko maniobra eta tiro eremua 29,6 hektareara zabaldu behar zuen, Aitzoain, Berriozar eta beste hainbat herriren lur ondasunei eraginez. Gaur egun, urtean zehar Iruñerriko milaka pertsona aritzen dira oinez edo bizikletaz bide horietan gora eta behera, eta hesiak bete-betean eragingo lieke. Berez, tiro eremutik Ezkabako tontorreraino hartzen zuen itxiturak, mendia bitan zatituz. Nekazaritza, belar-jana, egurra eta hainbat landaketetarako ere erabiltzen da lur eremua. Erabilera hau guztia arautzeko azken urteetan Iruñerriko Mankomunitatea bideratzen ari da Ezkabako Eskualde Parkearen proiektua.

Militarrak lur gose

Udalari aurkeztutako baimen txostenean, militarrek lur hauek euren jabegotzat hartzen zituzten. Berriobeitiko Udalak harriduraz hartu zuen jabetze hori eta erantzuna prestatzeko lur horiei buruzko jabego eskaerak egin zituen hainbat erakundetan; guztien erantzuna berdina izan zen: lur horiek Berriobeitiko eremukoak ziren. Ondorioz, baimena ukatzearekin batera, udalak jakinarazi die lurren jabegoa aldatzeko auzitegietara jo beharko dutela. Berez, zati bat Aitzoaingo Kontzejuarena da –Berriobeitiko Udalerria–, beste bat Berriozarrekoa eta beste txiki bat hainbat udalerrirena.

Honen ondorioz, ez dira gutxi pentsatzen dutenak proiektu honen bidez Espainiako Armada lur hauek bereganatzen saiatu dela, modu harrigarrian bada ere, itxitura justifikatzeko arrazoi nagusia “herritar zibilak CMTak –tiro eremua– hartzen duen eremuaz kontzientzia daitezen” (“concienciar al personal civil del alcance de la propietad denominada CMT Aizoain”, dio gaztelania hutsez idatzitako dokumentuak) izan baita (beheko argazkian ikus daiteke agiria).

Udal baimenik gabeko eraikina

Militarrek proiektu honetan atzera egin badute ere, tiro eremuan egiten ari diren beste eraikuntza lanek aurrera jarraituko dute eta espero da aste gutxian amaituta izango dela udalaren baimenik gabe egiten ari den lau pisuko eraikina. Honetarako militarrek, baimena ez eskatzeaz gain, udalari obrak egingo zirela ere ez zioten jakinarazi. Udalaren moduan, herritarrak ere bigarren solairua begien bistan geratu zenean ohartu ziren eraikin berriaz. Oraingoz udalak ez du neurririk hartu jokaera honen aurka. Aurreko legealdian alkatetza EH Bilduren esku egon zen eta oraingoan Navarra Sumak du Berriobeitiko aginte makila.

 

 

Azken lerroan ikusten da zertarako egin nahi zuten hesia.