argia.eus
INPRIMATU
Militarrak hipikako lurretara aldatuko dira Donostian, oraingo kuarteletik 200 metro eskasera
  • Espainiako Defentsa ministerioak jakinarazi duenez, EAJrekin egindako akordioaren bidez Loiolan dauden 500 militarrek bertan jaraituko dute, Real Sociedad Hipicako lurretan eraikiko den kuartel berrian, oraingotik oso hurbil.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 26a
Loiolako oraingo koarteletik oso gertu kokatuko da militarrentzako eraikin berria, hipikako terreno zaharretan (irudia: ARGIA)

Espainiako Gobernuaren eta EAJren arteko akordioaren berri jakin dugu egunotan: Estatuko aurrekontu orokorrei babesa ematearen truke, Sánchezen gobernuak Loiolako kuarteleko lurrak salduko dizkio Donostiako Udalari, eremu horretan 2.000 etxebizitza baino gehiago egiteko.

Euskal erakundeen eskari historikoa izan da Loiolako kuarteleko lurrak bereganatzea, Urumeako erriberaren zati handi bat hartzen baitu, hiriko erdigunetik oso gertu. Akordioak baina, badauka txanponaren beste aldea, orain Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duena: militarrek Donostian jarraituko dute –"negoziatu ezinezko" marra gorria zen hori beraientzat–, baina orain dauden tokitik oso gertu gainera, Real Sociedad Hípicak 200 metrora zituen lurretan, hain zuzen.

Hipikako lurrak ere Defentsa Ministerioarenak dira, eta kuartel zaharren salmentatik donostiarrek ordandutako diruarekin, eraikin berri bat egingo du toki horretan Espainiako Ejertzitoak.