Espainiako Armadako militarrak Nafarroan aztarnari gisa erabiltzearen aurkako aldarria egin du Sortuk Nafarroan, Iruñeko Refena erakustazokako teilatutik honako testua zuen pankarta zintzilikatuz: “Militarrak kanpora. Inbertsioa behar dugu osasunean, ez militarrak”.
Astelehen goizean egin dute ekintza bi pertsonak eta Sortuk Twitterren adierazi duenez, “pandemiaren aitzakiarekin Espainiako militarrak” nonahi sartu nahi dituzte, “bizitza publikoaren militarizatzea eta Espainiarekiko menpekotasunaren beharra irents ditzagun. Nafarroa Intsumisioaren lurraldea da”.
“Lehen, desinfektatze lanak egitera ekarri omen zituzten –jarraitzen du Sortuk–. Oraingoan, COVID-19aren aztarnari lanak egitera omen datoz. Nafarroak hamaika aldiz esan du, ozen esan ere, ez duela militarrik nahi, ez duela militarrik behar. Herritarrak erdigunean jarri behar dira, herritarren zaintza bermatu. Horretarako, osasungintzarako baliabideak behar ditugu, enplegu publikoa sustatuko duten neurriak”.
Refena Nafarroako COVID-19aren aurkako borrokaren gune garrantzitsuenetakoa da Nafarroan, martxoaz geroztik bertan ari direlako egiten Nafarroako PCR froga gehienak. Gaur egun Nafarroako Gobernuak baditu 175 bat aztarnari kutsatutako herritarren artean birusaren jarraipena egiteko, baina irailaren hasieran Nafarroako Gobernuak militarrei laguntza eskatu zien birusaren jarraipen lanak egiteko”.
Ahotsa.info-ko bideo honetan ikus daiteke ekintza: