argia.eus
INPRIMATU
Militarizazioan beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak: 10.471 milioi euro gehiago bideratuko ditu Defentsara
  • Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 23a
Pedro Sanchez Espainiako presidentea, asteartean eginiko prentsaurrekoan. Moncloa

Etxe Zurira heldu zenetik, Donald Trump AEBetako presidenteak behin baino gehiagotan eskatu die NATOko kideei defentsara bideratutako gastua herrialdeko barne produktu gordinaren %5 izatea. Tradizionalki, NATOko kideek gastu militarra gutxienez herrialdeko barne produktu gordinaren %2 izateko konpromisoa eduki izan dute, baina azken hilabeteetan aliantza horretako buru Mark Ruttek men egin die Trumpen eskaerei: urtarrilaren 20 eta 24aren artean Davosen (Suitza) ospaturiko Munduko Ekonomia Foroan adierazi zuen Defentsara bideratutako aurrekontua "askoz altuagoa" izan beharko litzatekeela. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere Europa berrarmatu plana aurkeztu zuen martxoaren hasieran, armagintzara 800.000 milioi euro bideratzea xede duena.

Egun, NATO osatzen duten 32 herrialdeen artean 23etako Defentsara bideratutako gastuak gainditzen du estatuko barne produktuaren %2. Zifra horretara iristen ez diren bederatzi horietako bat Espainia da: Juan Sebastián Elcano Institutuaren arabera, 2014tik 2024ra aurrekontu militarra 10.000 milioi euro baino gehiagoan handitu bazuen ere, iaz barne produktu gordinaren %1,28 bideratzen zuen Defentsara. Bada, Pedro Sánchez presidenteak AEBen eta NATOren aginduei men egin eta 2025 amaierarako gastu militarrera 10.471 milioi euro gehiago bideratuko dutela iragarri du, eta horrela gastu hori herrialdeko barne produktu gordinaren %2 izatera iritsiko da: guztira 33.123 milioi euro.

Neurri hori asteartean eginiko Ministro Kontseiluan hitzartu du Espainiako Gobernuak, eta Sánchezek argudiatu du "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta herrialdeko armadaren baliabideak "modernizatzea" xede duela. Izan ere, Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du armadak dituen soldaduen kopurua handitu nahi duela hurrengo urteetan, eta militarren "eskaera historiko bati" men egin: "Inbertsio honek tropen lan baldintzak eta armadaren baliabideak hobetzeko balioko du, finean, soldadu espainiarrak Europako beste herrialdeetakoekin berdintzea ekarriko du".

Gobernukideen gaitzespena

Ministro Kontseiluaren ondoren eginiko prentsaurrekoan Sánchezek aitortu du hainbat gobernukideren artean "desadostunak" egon direla neurriaren inguruan. Hain zuzen, Europa Press albiste agentziak Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroaren adierazpenak jaso ditu: haren ustez, gastu militarraren igoera "neurrigabea" da Sánchezek iragarritakoa, eta adierazi du erabaki hori "Espainiaren defentsarako benetako beharrak" kontuan hartu gabe eta horiez hausnartu gabe hitzartu dela.

PSOEren egungo gobernukideena soilik ez, gobernukide ohien kritikak ere jaso ditu aurrekontu militarraren azken igoerak: 2020 eta 2023 artean sozialistekin koalizioa osatu zuen Podemos alderdiko liderrak, Ione Belarrak, herritarrak mobilizatzera deitu ditu neurri horren aurka: "Irakeko inbasioaren aurka mobilizatu ziren herritarrei berriz mobilizatzera dei egiten diet". Gainera, azaldu du bere alderdiak ez zuela inolaz ere parte hartuko "Espainiako inoizko aurrekontu militarraren igoera handiena" aurrera eraman duen gobernuan. Haatik, Podemos Espainiako Gobernuaren parte zela, Defentsara bideratutako gastua %45 hazi zen.