Asteazkenean eta ostegunean burutuko da goi bilera. Ekialdeko Europan dituen soldadu kopurua zein Erantzun Indarrena areagotzea dira helburuak, besteak beste. Madrileko goi bilera NATOren historian “inflexio puntua” izango dela iragarri du Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak. 10.000 polizia arduratuko dira segurtasunaz Espainiako hiriburuan, eta aste osoan kontrol zorrotzak ezarri dituzte Frantziako zein Espainiako poliziek Ipar eta Hego Euskal Herri arteko mugan.
Asteartean prentsaurrekoa eman dute Espainiako presidente Pedro Sánchezek eta NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, asteazkenean hasiko den hitzorduaren helburuak azaltzeko. Sánchezek azpimarratu du “batasuna” helaraziko duela goi bilerak: “Batasun mezu bat, demokrazia defendatzeko batzen diren demokraziena. Batzen gaituzten balioak defendatzeko, askatasunarena, aniztasunarena, giza eskubideen errespetuarena, ea arauetan oinarritutako nazioarteko ordena batena ere”. Stoltenbergek garrantzi historikoa aitortu dio bilerari: “Inflexio puntua izango da, kontzeptu estrategiko berria adostuko dugu, NATOren bide orria izango dena mundu arriskutsuago eta aurreikusten zailago batean”.
Militarismoan sakondu
“Disuasioan eta defentsan funtsezko aldaketa bat adostuko dugu. Hedapen azkarreko brigada gehiago, defentsa prebentibo gehiago. Beharrezko tokietan aurretik kokatutako efektibo gehiagorekin”, adierazi du Stoltenbergek. Astelehenean Bruselan egin zuen agerraldia idazkari nagusiak eta zehaztu zuen asmoetako bat NATOren Erantzun Indarra “eraldatzea” dela. Erantzun Indarra 40.000 kidez osatuta dago egun, prestakuntza militar eta teknologiko bereziko indarra da, munduko edozein eremutan azkartasunez esku hartzeko gaitasuna duena. Asmoa 40.000 kidetik 300.000ra pasatzeko konpromisoa hartzea da. Horrez gain, Errusia inguratzen Europa Ekialdeko herrialdeetan duen presentzia ere areagotu nahi du NATOk. Errusia egungo “mehatxurik handiena” dela adierazi du Stoltenbergek.
Astearte arratsaldean Sánchez AEBetako presideten Joe Bidenekin bildu da, eta bi gobernuek kolaborazio akordio bat sinatu dute. Besteak beste, AEBek Espainiako Rotako base militarrean duten indar militarra areagotzea adostu dute. Egun lau ontzi destruktore daude Rotan, eta sei izango dira hemendik aurrera. Soldadu kopurua 600ean igoko dela ere adierazi dute iturri ezberdinek. Akordioa azaltzeko prentsaurrekoan, Espainia eta AEB “aliatuak, sozioak eta lagunak” direla adierazi du Sánchezek.
Gastu militarrean sakondu
“Mundu arriskutsuago batean defendatzeko gai izateko, gure defentsetan gehiago inbertitu behar dugu”, ohartarazi du Madrilen NATOko idazkari nagusiak. Pozik agertu da NATOko herrialdeek gastu militarraren alorrean izaten ari diren bilakaerarekin. 2014tik eta zortzi urtez jarraian, “aliatu europarrek eta Kanadak inbertsioa etenik gabe handitu” dute, Ukrainaren inbasioaz geroztik bederatzi herrialdek 2024rako BPGren %2 gastu militarrera bideratzeko konpromisoa hartu dute, eta beste 24k norabide horretan pausoak emateko konpromisoak hartu dituzte. Edonola ere, “%2ko inbertsioa egitea zorutzat hartzen da gero eta gehiagotan, sabaitzat hartu barik", adierazi du Stoltenbergek.
Militarizazioa Madrilen zein Euskal Herrian
Aste hasieratik erabat militarizatu dago Madril. A-2, M-11 edo M-40 errepideak moztuko dituzte goi bilera egunetan, herrialdeen ordezkaritzak hartzen dituzten bost izarretako hotelen inguruak trafikoari itxita daude, eta berdin hainbat kale nagusi ere. Gobernuan herritarrei eskatu die garraio publikoa erabiltzeko eta ahal dela telelana egiteko. 5.000 mila pertsonek hartuko dute parte goi bileran, eta 10.000 polizia bideratu ditu gobernuak segurtasun lanetara.
Segurtasun neurriak Euskal Herrian ere ari dira nabaritzen. Asteburuaz geroztik nabarmen areagotu dira kontrolak Euskal Herriko iparra eta hegoa banatzen dituen mugan, Frantziako zein Espainiako polizien eskutik. Espainiako Polizia batek EITBri adierazi zionez, kontrolen helburua goi bileraren bilakaera baldintzatu dezaketen ekintzaileak Madrilera heltzea ekiditea da.
Bakearen Aldeko Goi Bilera
Bakearen aldeko NATO Ez plataforman bildu diren Madrileko hainbat herri mugimenduk Bakearen Aldeko Goi Bilera antolatu zuten iragan asteburuan. Hitzaldiak antolatu zituzten militarismorik gabeko segurtasun ereduez, militarismoaren eta patriarkatuaren arteko erlazioaz edo Ukrainako gerraz. Igandean eman zioten amaiera ekimenari, milaka pertsona bildu zituen manifestazioarekin.
Euskal Herrian mobilizazioa Gernikan
Herritar talde batek NATOren gailurra salatu du Gernikan bertan emandako prentsaurrekoan. Munduak bizi duen gerra testuingurua aipatu dute Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkari begiratuta, eta testuinguru horretan NATOko indarrek Gernikaz egin duten erabilera salatu dute. Gogoratu dute, halaber, 1986an Euskal Herriak "erreferendumean ezetza borobila eman ziola NATOri.
Prentsaurrea eman duten lekuan bertan ostegunean 19:00ak arte bilduta jarraituko dutela adierazi dute, eta ondoren manifestazioa egingo dutela. Bitartean, handik pasatzen diren Busturialdeko edo Euskal Herriko edozein kolektibori harrera egingo diete. "Gure herri eta auzoetan borroka anti-inperialista suspertzen saiatu gara. Uste dugu borroka-bola kontsekuentea biraka hasteko unea dela, gerra eta miseria ziklo izugarri batera bultzatzen gaituen inertzia belizista hausteko".