argia.eus
INPRIMATU
Militanteak praktika feministan trebatzeko eskola antolatu du LABek
  • Sindikatuko 90 lagun baino gehiago ari dira parte hartzen prestakuntza saioetan, Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministarekin egindako hitzarmernari esker.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 12a
(Argazkia: LAB)

Estrategia sindikal-feministan aurrera egin eta bere militanteen praktika gaurkotu eta egokitzeko eskola antolatu du LABek. Jadanik ari dira horretan, irailetik abendura arte iraungo baitute prestakuntza saio presentzialek.

Sindikatu abertzaleak 9. biltzarrean onartu zuen praktika feminista gaurkotzea, eta horren harira, Politika Feministako Idazkaritza sortu du bere egituretan. Horrez gain, Plan Feminista aurrera eramateko urratsak ere eman dituzte. Horren guztiaren baitan sartzen da Eskola Feminista, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu azaldu duenez.

"LAB aldatu egin da; emakumeok gero eta presentzia handiagoa dugu, eta gainera, sindikatuaren feminismoarekiko konpromisoa gero eta indartsuagoa da". Horregatik guztiagatik ezinbesteko ikusi dute "lortu nahi dituen erronka berrien aurrean prestatzea".

Eskolak, prestakuntza saioez gain, mintegiak eta on-line espazio bat ere izango du, eta gutxienez 2019 arte martxan egotea da asmoa. Emakumez osatutako hiru talde eta gizonez osatutako beste bi ari dira parte hartzen.