argia.eus
INPRIMATU
Milioika ikasle eta irakasleren datuak multinazionalen esku uzten ari da online irakaskuntza
  • Ikastetxe gehienetan Google eta Microsoften programak erabiltzen direla eta horrek ikasleen pribatutasuna urratzen duela salatu izan dute software librearen aldeko mugimenduek, baina arazoa biderkatu egin du online irakaskuntzak. Milioika datu pertsonal dira enpresa pribatuek kudeaturiko plataformetan uzten ari garenak eta Nafarroak dagoeneko plataforma propioa iragarri du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 30a

“Aste hauetan proposamen pila bat jaso ditugu, era guztietako gailuak eta aplikazioak saldu nahian, merkatua eta enpresa pribatuak gogor datoz eta ez dute aukera pasatzen utziko. Adi egon behar dugu”, ohartarazi digu Iñigo Beristain Bastidako irakasleak. Ez alferrik, plataforma, programa eta aplikazio digitalen erabilera bihurtu da hezkuntzaren eszenatoki berria, konfinamenduan.

Teknologia konpainia handiek erakargarriak eta erabilerrazak diren hezkuntza paketeak eskaintzen dituzte (tartean Google Classroom paketea, edo arrakasta handia duen Chromebook gailua, Googleren programak baino ez dituena) eta asko dira amua irentsi dutenak. Google eta Microsoftek diote ez dituztela hortik eratorritako datuak erabiltzen edo saltzen, baina hori zalantzan jartzen duten ahotsak ugariak dira eta adibidez, Google salatua izan da, interes pribatuetarako ikasleen datuak erabiltzea leporatuta.

Gaurko erabiltzaileak, etorkizuneko bezeroak

Big Dataren aroan, urrea balio duten datu pertsonalak multinazional hauen esku daude eta horien erabilera eta salerosketa da kezka: publizitate pertsonalizaturako tresna izan daitezke, baina baita aseguru etxeetarako informazio oso interesgarria ere, berdin bankuetarako eta bestelako negozioetarako. Ez hori bakarrik, konpainia teknologiko handiek, ikasleen artean programa hauekiko menpekotasuna elikatuz, etorkizuneko bezeroak sortzen ari direla kritikatzen du Hezkuntzan ere Librezale mugimenduak, ikasleak multinazionalen produktu bilakatuz.

Gurasoen kexuei erantzunez, Katalunian erabaki dute konpainia pribatuetatik at egongo den plataforma propioa sortzea ikaskuntza digitalerako. Nafarroako Gobernuak ere berdina iragarri du.