argia.eus
INPRIMATU
Milioika euro bideratu dituzte lobby ultrakatolikoek emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideak murrizteko
  • Talde ultrakatolikoek AEBetan lortu dute euren azken arrakasta –abortu eskubidea atzera bota du Auzitegi Nagusiak–, baina hamarkadak daramatzate Europako agendan eragin nahian, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideak murrizteko helburuarekin. Laura Galaup kazetariak aipatzen duenez El Diarion plazaratutako erreportajean, besteak beste HazteOir erakundearen fundatzaile Ignacio Arsuaga eta Jaime Mayor Oreja politikaria ari dira horretan.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 11
Jaime Mayor Oreja, argazkiaren erdian, 2010ean Hazte Oir erakundeak antolatutako ekitaldian / Hazte Oir

Kazetariak dioenez, adituek onartzen dute ez dela erraza kolektibo horiek finantzatzen dituen diruaren arrastoari jarraitzea. Sexu- eta Ugalketa-eskubideen gaineko Foroaren (EPF) txostena du hizpide El Diarioko kazetariak: 2009 eta 2018 artean, plataforma ultrakatolikoek gutxienez 707,2 milioi dolar erabili zituzten Europako gizarte politiketan eragiteko. Diru kopurua haziz joan da urteotan, 2009an 22,2 milioi dolar bideratu ziren, eta 2018an 96 milioi. Neil Datta EPFko zuzendariaren hitzetan, AEBetan gertatua "garaipen handia" da erakunde horientzat, Europako hainbat herrialdeetan ere gauza bera gerta daitekeela espero dutelako.

Finantzaketaren parterik handiena (437 milioi dolar) EBko erakundeetatik jasotzen dute; nabarmentzekoak dira ere AEBetako lobbyek (81,3 milioi) eta Errusian finkaturiko elkarteek (188 milioi) bideratzen dituzten kopuruak. Europan aktibo dauden 117 erakundeen artean, One of Us federazioa nabarmentzen du EDFren txostenak, Jaime Mayor Oreja buru duena. 2009-2018 artean, plataforma horrek eta haren parte diren dozenaka erakundek, 31,5 milioi dolarreko diru-sarrerak kudeatu zituzten.

Zerrendaren goialdean, halere, Jérôme Lejeune Frantziako fundazioa dago, 120 milioi dolarreko diru-sarrerekin. Ignacio Arsuagak sortutako HazteOir eta CitizenGo elkarteek ere leku nabarmena dute EDFren txostenean.

Abortuaren eta LGTBIren aurkako finantzatzaile nagusiak Europan, 2009-2018ko datuen arabera:

Iturria: Eldiario.es