Europar Batasunean gehien erabiltzen den pestizida da glifosatoa. Europako Batzordea hura merkaturatzeko baimena luzatzen duen edo ez erabakitzen ari den bitartean, herritar talde batek abian jarri du substantzia debekatzea helburu duen herri ekimen legegile (HEL) bat. Haien eskaria formalki batzordera iritsi dadin, milioi bat sinadura bildu behar dute 2018ko urtarrilaren 25era bitartean. Izenpeak gutxienez EBko zazpi estatutan jaso behar dituzte.
Sinadura bilketa kanpainari hasiera emateko, ekitaldi publikoak egin dituzte gaur, otsailak 8, Europako bost hiri handitan: Berlin, Brusela, Erroma, Madril eta Paris. Azaldu dutenez, ekimenaren azken xedea ez da glifosatoaren debeku hutsa. Horrez gain, pestizida guztien erabilera mugatu dadila eta berriak onartzeko prozedura alda dadila eskatuko dute HELaren bitartez.
Azken puntu horri dagokionez, kanpainaren bultzatzaileek adierazi dute merkaturatu nahi diren substantzia berrien ebaluazioa ez litzatekeela oinarritu behar industriak berak egindako azterketetan, ikerketa independentean baizik.
Aipatutako epearen barruan behar beste sinadura lortuz gero, Europako Batzordea behartuta egongo da hurrengo hiru hilabeteetan erantzutera. Batzordeak HELa onar dezake ala ez, baina erabakiaren arrazoiak publikoki azaldu beharko ditu.
Glifosatoaren arriskuaz eztabaida
Iazko ekainaren 30ean agortu zen glifosatoa salerosteko baimena EBn. Europako Batzordeak baimen hori beste hamabost urtez luzatzeko proposatu zuen hasieran, ordurako OMEren menpeko den Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) esana zuen arren pestizida hori segur aski kantzerigenoa zela. Ondoren, ordea, Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak esan zuen glifosatoa guztiz segurua zela, eta Batzordeak erabaki zuen ika-mika zientifikoa ebatzi arte itxarongo zuela beste proposamen bat egin aurretik.
Orain Substantzia eta Nahasketa Kimikoen Europar Agentziaren ebaluazioaren zain dago Batzordea. Baina bien bitartean glifosatoaren baimena agortu zenez, behin-behinean luzatzea erabaki zuten, zuhurtzia printzipioari bizkarra emanez. Ordutik hona, IARCek berretsi egin du hasieran esandakoa: glifosatoak minbizia sor dezake.