argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat pertsonak ihes egin behar izan dute Rafah-tik
  • Sionistek hiria bonbardatzen eta lurrez inbaditzen jarraitzen dute, NJAren eta nazioarteko eragile ugariren eskaeren aurka. AEBek esan dute Israelek ez duela ezarritako marra gorririk igaro.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 31
Argazkia: AP

Israelgo armadak Rafah bonbardatzen jarraitzen du. Ehunka pertsona hil dituzte hirian maiatzaren 7an hasitako operazio militarrekin. Aire erasoez gain, lurreko indarrek erasoak egin dituzte Rafah-n, eta Gazaren eta Egiptoren arteko muga kontrolpean hartu dute. Azken hilabetean ez da apenas laguntza humanitariorik sartu, iturri ugariren arabera.

Astelehenean sionistek sarraskia eragin zuten Rafah-ko iheslarien kanpaleku batean. Gutxienez 45 palestinar hil zituzten, nahiz eta Israelek berak esana zuen “zonalde segurua” zela hori. Erasoaren ostean, eta nazioarteko kritika uholdearen presiopean, Netanyahuk berak esan zuen akatsa izan zela eta ikertu egingo zutela kanpalekuan gertatutakoa. Hala ere, hurrengo egunean berriz ere erasotu zion armada sionistak kanpaleku berari, eta gutxienez beste 25 palestinar hil, bonben ondorioz edo kanpin dendetan sortutako suteetan erreta. CNN katearen ikerketa batek erakutsi du AEBetako munizioa erabili zela Rafah-ko iheslarien kanpalekuari erasotzeko.

UNRWA eta beste hainbat iturrik baieztatu dutenez, milioi bat pertsonatik gorak egin behar izan dute ihes Rafah-tik, azken erasoak abiatu zirenetik. Baina ez dago leku segururik Gazan, osasun ministerioak ohartarazi duenez. Ashraf Al-Qudra ministerioko bozeramaileak esan du “Israelgo okupazioak berariaz suntsitu duela Rafah-ko osasun sistema eta Gaza iparraldekoa”. Salatu dute ez dagoela gaitasunik sionistek sortutako sarraskiei aurre egiteko, osasun zerbitzuen ikuspegitik.

AEBen marra gorriak

AEBek Rafah-ko erasoaren aurka hitz egin bazuten ere, ez da arazorik sortu bi aliatuen artean. Israelek hamar pauso ematen dituenean, hamar pauso urruntzen dira Estatu Batuen marra gorriak. AEBetako Estatu Idazkaritzak esan du Israeli kezka adierazi ziola Rafah-n gertatutakoengatik. Baina Defentsa saileko prentsa idazkaria den John Kirbyk esan berri du ez dutela marra gorririk igaro, “lurreko operazio handirik” ez dutelako ikusi. Hala ere, gaineratu du zibil errugabeen bizitzak ezin direla arriskuan jarri. Azken datuen arabera, urriaren 7tik 36.224 palestinar hil dituzte indar sionistek Gazan, eta 81.777 zauritu.

Hamasen eta sionisten arteko negoziaketak berriro abiatzea espero zen, baina hainbat adituk diote ez dutela aurrera egingo. Hamasek esan du ez dela negoziatzera eseriko oldarraldiak jarraitzen duen bitartean, baina adierazi du prest dagoela bahituak itzultzeko gerra amaitzearen truke. Ez du ematen, baina, “gerraren” amaiera gertu dagoenik. Israelgo goi agintari batek aste honetan esan du gerrak urte bukaerara arte iraungo duela.

Hainbeste luzatuko balitz, AEBetako hauteskundeak igaro arte iraungo luke sionisten oldarraldiak. Ordurako Donald Trump egon daiteke gobernuan, 34 auzitan zigortu berri badute ere oraindik irabazi ditzakeelako hauteskundeak. Hainbat inkestak erakutsi dute Biden babesa galtzen ari dela Gazako genozidioaren aurrean izandako jarreraren ondorioz, batez ere demokrata gazteen eta arabiar-amerikarren artean. Bidenek Israeli kritika xume batzuk egin izan badizkio ere, Israelgo estatuari babes ekonomiko eta militar handia eman dio urriaren 7tik, lehenago egin izan duten bezala. Hala ere, Trumpen azken hilabeteetako adierazpenetatik ondoriozta daiteke honek jarrera are irmoagoa izango duela sionisten alde.

Laguntza humanitarioa

Laguntza sartzeko bideak itxita edo oso murriztuta mantentzen ditu Israelek. Gainera, “Filadelfia korridorea” hartu berri du armada sionistak, Egiptoren eta Gazaren arteko korridorea, eta ondorioz guztiz inguratu du Gaza. Jadanik ez dago beste herrialdeekin daukan mugarik, de facto gutxienez.

Lurrez laguntza humanitarioa tantaka sartzen ari da, eta oso urrun dago Gazako biztanleen behar mailatik. Gainera, azken egunetan kendu egin behar izan dute AEBek Gazan jarritako behin-behineko portua, konponketa lanetarako, olatuek kaltetua zegoelako. Astebetez gutxienez egongo da Israelgo portu batean konpondu bitartean, AEBko ordezkariek adierazi dutenez. Gaza bertako eta nazioarteko iturri ugarik salatu izan dute portuak ez zuela funtzioa egoki betetzen, eta laguntza oso gutxi ari zela sartzen handik, martxan zegoenean ere. Maiatzaren 17an jarri zuten martxan, eta bi aste baino gutxiago iraun ditu.