argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat malko
  • Egunsentiarekin batera, euria hasten da. Baina euri tantak ez dira hotzak. Euri beroa, azala jotzen duenean, erre egiten zaituena. Euri mingarria da, edo euri mindua, agian.

Adhik Arrilucea 2019ko abuztuaren 10

Egunsentiarekin batera, egunero, goizeko euria hasten da, eta hau eguerdikoak ordezkatzen du, eta gero arratsaldekoa, eta horrela gauera arte. Gauerdian, berriz, isiltasuna. Isiltasun urduria, kezkaz beteta. Artegatasunaren dentsitateak ez du uzten arnastea, egunsentia ailegatu arte.

Euriari soinu etsigarri batek laguntzen dio: Demeterren negarra.

Badaude esnatzeko modu pilo bat, baina penagarriena, beharbada, guraso baten negar-zotinengatik bat-bateko begi-irekitzea da. Hadesek Pertsefone bahitu zuenetik, mundua ilunagoa da, eta munduak jada ez du ezagutzen Demeterren malkoak ez diren beste ezer.

Mitologia bakarrik izango balitz, istorio honek  amaiera zoriontsua izatea idaztea bezain erraza izango zen. Baina Demeter ez da Demeter, eta Pertsefone ez da Pertsefone.

Benetako gurasoak, benetako semeak, benetako bahiketa (edo, hobe esanda, atxiloketa, alegoria honetan, Hades estatua baita). Azken finean, benetako mina. Mila bat egun Azpimunduan. Milioi bat malko. Sufrimendu amaigabea.

Ikusten dugu; familia mingotsa.

Sentitzen dugu; herritarren lotsa!

Negarrak eten dira. Eguna joan da. Ilunabarrean, airearen artegatasuna dastatu daiteke. Lehenengo, isiltasuna. Handik denbora gutxira, garrasien marea igotzen hasi da.

Egun bakoitzeko, gurasoen mila bat malko.

Malko bakoitzeko, euskaldunon milioi bat oihu.

Aurrera Altsasu!

Kazetaritza eta Humanitatearen ikaslea.