Laborantza-industrian egin den inoizko akordiorik handiena gelditzeko eskatu diote milioi bat lagunek Europari: Monsanto eta Bayer enpresek indarrak batuko dituzte galarazi ezean. Hazi transgenikoen eta industria farmazeutikoaren arteko lotura 2016tik datorren arren, azken urteotan sortu du zalaparta handiena.
El Saltok jaso duenez, YouGob taldeak egin duen inkesta berri batek jarri du auzia mahai gainean. Alemania, Danimarka, Frantzia eta Espainiako herritarrei bi potentzien arteko hitzarmenari buruz galdegin die. Espainiar Estatuko datuak adibide gisa hartuta, galdeketan parte hartu dutenen %69k uste du kezkagarria dela Monsanto-Bayer fusioa eta Europak esku hartu beharko lukeela. Apirilaren 5ean da Europa erabakia hartzekoa.
Plataforma digital bidezko sinadura bilketak jada milioi bat atxikimendu lortu ditu. Pestizidek erleen hilketa areagotu dezaketela eta herritarren elikaduran ondorio kaltegarriak izan ditzakeela nabarmendu du SumOfUs erakundeak. “Glisofato toxiko gehiago egongo dira gure plateretan Monsanto eta Bayer batzen badira. Hau da, gure osasunarentzat txarrak diren substantzia gehiago irentsiko ditugu. Gainera, gure janariaren gaineko kontrol korporatiboa jasanezina bihurtuko da”. Gizarte zibileko 200 erakundeek ere aldarrikapena babestu dute. Bi potentzien arteko loturak nekazaritzan onurak baino arazo gehiago sortuko dituela azaldu dute eskutitz batean.
Enpresok dituzten politikak osasunarentzat kaltegarriak direnez, ongizatearen baitakoak dira arrangura gehien sortzen dituzten arloak. Hala nola, nekazariek euren lurren gain duten erabakitzeko gaitasuna galtzea, ingurumenean sor ditzakeen kalteak, igorritako pestizida kopurua eta kontsumitzaileen askatasuna murriztea.
Europako Batzordeak hitzarmena baimenduko balu, nekazaritzaren sektorean ohikoa bilakatzen ari den ildo bat sendotuko litzatekeela salatu dute hainbat erakundek, dakartzan ondorio guztiak aintzat hartuta. Izan ere, jada 60ko hamarkadan, bi potentzien arteko batasunak kalte larriak eragin zituen. Mobay Chemical Corporation enpresa AEBetako Defentsa Sailak kudeatzen zuen eta bertan ekoizten zuten gas kimiko bat erabiliz 400.000 lagun hil zituzten Vietnamgo gerran.