argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat espezie, desagertzeko zorian
  • Hamar milioi urtetan aurrekaririk izan ez duen erritmoan ari dira espezieak desagertzen gure planetan, gizakion esku-hartzea tarteko. Zientzialarien esanetan, biodibertsitatearen ikuspegitik historiako seigarren desagertze masiboaren aurrean gaude, eta horrek ondorioak ditu, jakina.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 04a
Iparraldeko errinozero zuria. Elefanteen ostean lehorreko ugaztun handiena den honen azken arra 2018an hil zen eta eme bat eta haren alaba baino ez dira bizirik geratzen. (Argazkia: Wikipedia)

Habitat naturaletan gizakiok dugun esku-hartzeak, naturaren kutsatzeak eta berotze efektuak eragina du munduko espezieetan: milioi bat baino gehiago desagertzeko zorian dira, eta animalia espezie bat desagertzeak esan nahi du desagertzea geneak, jokabideak, beste landare eta animaliekiko harremanak… baita ekosistema jakin batean espezie horrek zuen funtzioa ere –landareak polinizatzea, basoak fertilizatzea, beste animalia batzuen hazkundea kontrolpean izatea…–. Animalien desagertzeak eragin dezake paisaia aldatzea, eta espezie asko galduz gero, ondorioak katastrofikoak izan daitezke, sistemaren kolapsoa eragiteraino, diote Reurtersen artikulu honetan.

Azken bost mendeetan, ehunka animalia desagertu dira munduan, eta sarri gizakiona izan da errua –hasieran arrantza eta ehizagatik, ondoren habitat basatiak kutsatzeagatik eta modu batera edo bestera esku hartzeagatik–.

Katamotz iberiar eme bat, desagertzeko arriskuan dagoen felinoa da.

Zientzialariek bereizten dute espezie baten desagertze tasa normala eta desagertze masiboa –epe motzean, bi milioi urte baino epe laburragoan, munduko espezieen %75 baino gehiago desagertzen direnean– eta azken 500 milioi urteetan bost desagertze masibo bizi izan ditu planetak. Bada, seigarren desagertze masiboan sartuak gara jada.

Hezetasuna maite duten anfibioen desagertze tasa, esaterako, handitu egin da azken hamarkadetan. Mexikoko itsasuski txikiaren kasua aipatzen dute artikuluan: munduko mazopa txikiena den honen 18 izaki baino ez dira geratzen askatasunean, eta desagertze arrisku kritikoan da. Iparraldeko errinozero zuriaren kasua ez da hobea: elefanteen ostean lehorreko ugaztun handiena den honen azken arra 2018an hil zen eta eme bat eta haren alaba baino ez dira bizirik geratzen.

Esperantzarako zantzuak

Arazoa kezkatzeko modukoa den arren, esperantzarako arrazoiak badirela diote Katy Daigle eta Julia Janicki ingurumenean adituek, aipatu artikuluan: COP15ean adosturiko Biodibertsitaterako Marko Globala nabarmentzen dute, 2030 arte kontserbazio ahaleginak gidatuko dituena. Besteak beste, hamarkada bukaerarako lur eta itsas eremuen %30 babestea aurreikusten du akordioak. “Umiltasunez, ahal dugun guztia egin beharra daukagu espezieak orain babesteko”.