argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat animalia eta landare espezie hamarkada gutxitan desagertzeko arriskuan
ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 07a
Txostenaren arabera, itsasoko ekosistemak dira kaltetuenak

Astelehenean aurkeztu zuten txostena Parisen, gaur artean bioaniztasunaren inguruan egin den zabalenetarikoa. NBEk osatutako 145 pertsonako aditu talde batek burutu du ikerketa, hiru urteko epean. Datu lazgarriak mahaigaineratu dituzte: egun existitzen diren zortzi milioi espezieetatik, milioi baten existentzia dago kolokan; gizakiek egungo bizi erritmoa mantenduz gero, galdu egingo dira horietako asko. Adituen hitzetan “aurretik ezagutu gabeko atzerakada” baten aurrean gaude.

Ingurumenaren behaketatik harago so egin dute txostena osatzeko, adieraziz biodibertsitatearen galera ez dagoela soilik ingurumenarekin lotuta. Beren hitzetan, “garapenarekin, ekonomiarekin, segurtasunarekin eta balio sozialekin eta moralekin lotuta dago”.

Hainbeste espezie desagertzeko arriskuan egotearen arrazoi nagusitzat jatorrizko habitaten eta ekosistemen galera jo dute. Ekosistemak erritmo bizian zartatzen ari dira, gizakion jardunagatik hein handi batean, eta ondorioz %20 jaitsi da lurreko espezieen kopurua 1900. urtetik hona. Txostenak dioenez, itsasoko ekosistemak dira kaltetuenak. Lurreko ekosistemen egoera ez da askoz hobea: %75 “modu esanguratsuan eraldatuta” daude.

Naturaren atzerakada gehien bultzatzen duten faktoreak ere seinalatu dituzte, eta inpaktuaren arabera zerrendatu: lurrean eta itsasoan egindako aldaketak lirateke faktore kaltegarriena, eta horien atzetik leudeke klima aldaketa, kutsadura, organismoen ustiapena eta espezie inbaditzaileak. Berotegi efektuko gasei ere erreparatu die txostenak, 1980tik hauen isuria bikoiztu dela eta datozen urteetako naturaren degradazioan kalte handiagoa eragin dezaketela ohartaraziz.

Lurraren norabide lazgarri hau berbideratzea posible dela eta oraindik ez dela berandu nabarmendu dute. Hala ere, gaurdanik esku hartu beharra dagoela adierazi du IPBES erakundeko zuzendari Robert Watsonek: “Orain hasi beharra dago, bai maila lokalean, bai globalean”. Txostena argi mintzo da zentzu horretan: “Nahiz eta azken urteetan natura mantentzeko eta sustatzeko politikak areagotu diren, ikerketak ondorioztatu du ez dela posible natura kontserbatzea eta modu jasangarrian erabiltzea orain arteko bide berari jarraituz gero”.