argia.eus
INPRIMATU
Milei Argentinako presidente berriak dio ez dela “epelkerietan” ibiliko
  • Javier Milei ultraeskuindar eta ultraneoliberalak egiturazko aldaketak iragarri ditu, esanez ez dagoela “erdibideko neurrientzat lekurik”. Sergio Massa peronistak botoen %44 eskuratu ditu eta espero gabeko porrota onartu du.

Leire Artola Arin 2023ko azaroaren 20a

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindar polemikoak, hauteskundeen bigarren itzulia irabazita bozken %55,69rekin. Victoria Villarruel izango da presidenteorde. Parte hartzea lehen itzulian baino handiagoa izan da, %76,37koa, baina historiako bigarren baxuena (2007an %76,2koa izan zen); Argentinan derrigorrezkoa da bozkatzea. Diktadura amaitu zenetik lehen aldiz irten da garaile ultraeskuina, eta La Libertad Avanza alderdiko buru “anarkokapitalista eta libertarioak” gobernatuko du herrialdea datozen lau urteetan.

Sergio Massa peronistarekin lehiatu da Milei, eta 11 puntuko aldearekin nagusitu zaio. Unión Por La Patria alderdiko hautagai eta egungo Ekonomia ministro da Massa eta, botoen %44,30 bereganatuta, porrota onartu du, esanez “espero gabeko emaitza” izan dela (inkestek garailetzat jotzen zuten). Bere ibilbide politikoan etapa bat itxi dela azaldu du hauteskunde gauean, eta azpimarratu du Argentinak sistema demokratiko sendoa duela, emaitzak onartzen dituena.

Mileik ziurtatu du egindako promesak bete eta errotiko aldaketak egingo dituela: “Argentinako gainbeheraren amaiera hasi da”. Ultraeskuindarraren hitzetan, ez da tokirik egongo “erdibideko neurrientzat, epelkerientzat, ezta pixkanakako aldaketentzat ere”. Herrialdea krisi ekonomiko betean sartuta dago, %140ko inflazioa dauka, eta Mileik neurri ugari proposatu ditu kanpainan (txanponaren dolarizazioa, besteren artean), eta egoera iraultzeko promesa egin die boto emaileei. Ultraneoliberalaren programak iragartzen duenez, giza eskubideak murriztuko lituzkeen neurriak ere hartuko ditu, esaterako, mobilizazio andanaren ostean lortutako abortu legea bertan behera uztea.

Macriren babesa, gobernatzeko

Mileiren adierazpen eta jokaera ugarik polemika piztu dute azken asteetan, baina babes zabala lortu du hauteskundeetan. Presidentetzarako lehiatik kanpo geratu ziren Mauricio Macri eta Patricia Bullrich hautagai eskuindarren boto emaileen babesa ezinbestekoa izan du. Biek publikoki eskatu zieten euren boto emaileei ultraeskuina bozkatzeko, eta halaxe izan da. Macri presidente ohiaren laguntza beharrezko izango du Mileik gobernu berrian, izan ere, parlamentuan ez dauka gehiengoa ultraeskuinak (350 diputatuetatik soilik 35 ditu La libertad avanza alderdiak), eta agintzeko zailtasunak izango ditu Macriren Juntos Por El Cambio alderdiko 94 diputatuen babesik ezean. Bien arteko akordioa espero da, baina ikusteko dago zein aldaketa ezartzeko gai izango den ultraeskuina.