argia.eus
INPRIMATU
Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan
  • Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk, eta eskualde mailako gerraren arriskua areagotu egin da.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 18a
Argazkia: AP

Hezbollahko ehunka militanteren pertsona-bilagailuek aldi berean egin dute eztanda astearte honetan, Libanon eta Sirian, talde xiitaren komunikazio sistemaren aurkako erasoan. Gutxienez hamabi pertsona hil dira, tartean zortzi urteko neska bat eta Hezbollahko agintari garrantzitsu baten semea, eta 2.800 pertsona inguru zauritu dituzte leherketetan. Iranek Libanon duen enbaxadorea ere zauritua izan da.

Hezbollahk Israeli leporatu dio erasoa egin izana, eta bien arteko tentsio gorakadaren testuinguruan kokatu du. Azken hamarkadetan ohikoak izan dira Hezbollahren eta Israelen arteko borrokaldiak, eta urriaren 7tik hona ia etengabe aritu dira elkarri erasoak egiten, Gazako genozidioa gertatu bitartean. Gazaz gain, Libano, Yemen, Siria eta Iranen ere egin ditu erasoak Israelek azken hilabeteetan, eta azken eraso hauen ondoren Hezbollahren erantzun bortitza espero da, hala hitzeman dute Libanotik taldeko ordezkariek.

Hezbollahk, Libanoko Gobernuak eta beste hainbat herrialdek eta eragilek sionisten egiletza salatu duten arren, Israelek ez du erasoa baieztatu. Ohikoa da sionistek halako erasoak ez aldarrikatzea, Iranen Ismail Haniyeh Hamaseko buruaren erailketa ere ez zuten aldarrikatu uztailean, eta Israelek hil zuela uste da. New York Times hedabideak berak Israeli egotzi dio pertsona-bilagailuen leherketa.

Asteartean bertan, leherketen aurretik, Israelek jakinarazi du Hezbollahren aurkako helburu militarrak areagotuko dituela, gatazkaren ondorioz Libanreno eta Israelen arteko mugatik gertu bizi ziren israeldarrak haien etxeetara itzultzeko helburua aipatuta. Ahots ugarik adierazi dute azken hilabeteetan Netanyahu eskualdeko gerra sustatu nahian dabilela, barne eta kanpo mailako presioei izkin egin eta agintean jarraitu ahal izateko.

AEBetako Gobernuak adierazi du “konponbide diplomatikoa” bilatzen ari direla Hezbollah eta Israelen artean, eta ez dutela eskualde mailako gerrarik nahi. Hala ere, Bidenen administrazioak gutxietsi egin du gatazkan eragiteko duen gaitasuna, urtero Israeli ematen dizkioten milaka milioi dolarrei buruz eta babes diplomatikoari buruz galdetu diotenean.

Eraso teknologiko sofistikatua

Ez dago argi nolatan egin duten eztanda Hezbollahko pertsona-bilagailuek, baina hipotesi nagusia da ekoizpen prozesuan moldatu zituztela gailuak, Hezbollahren eskuetara heldu aurretik. Iturri batzuek aipatu dute urrunetik egindako erasoa izan zitekeela, frekuentzia zehatz batzuen bidez gailuen litiozko bateriak berotu eta leherrarazita, baina bertsio hori gezurtatu dute Al Jazeerarekin hitz egin duten zenbait adituk, esanez aurretik prestatuta egon beharko luketela gailuek.

New York Times-ek eta Reuters agentziak, iturri ofizialak aipatuta, adierazi dute Israelek material leherkari txikiak sartu zituztela gailuetan. Lehertu aurretik zarata egiteko –mezu bat jaso izan balute bezala– programatuta zeuden bilagailuak, Al Jazeerak jakinarazi duenez.

Hezbollahko militanteek telefono mugikorrak erabiltzeari utzi zioten duela hilabete batzuk, Israelek gailu horietan infiltratzeko gaitasuna zuelako. Pertsona-bilagailuen aurkako erasoa urriaren 7tik izandako “segurtasun haustura handiena” izan da, Hezbollahk berak adierazi duenez.

Taiwango Gold Apollo enpresari eskatu zizkion Hezbollahk gailu berriak, baina enpresak ukatu egin du haiek ekoiztu izana, eta adierazi du Europako BAC enpresak egin zituela, haien marka erabiltzeko lizentzia baten bidez.