Munduko herri guztietan ematen dira lekuko klima eta kulturari lotutako ekosistema agroforestalak. Ez bakarrik haien konstantzia marraztu edo idatzia dugulako, baizik eta bizirik dirautelako gaur egun, kasu batzuetan, milaka urteren ondoren. Biziraute horrek ekoizpen mota horren erresilientzia eta sostengarritasuna frogatzen dituzte eta klima aldaketarako tresna boteretsu bilakatu.
Eraldatutako ekosistema natural hauen adibide ezagunenak klima tropikaletan ematen dira. India hegoaldean adibidez kulturaren parte dira estratu anitzeko baso jangarriak. Keralako probintzian nahastuta landatzen dituzte kokondoak goi mailan, bainila eta piperbeltza zurtoinetik gora korapilatuta, bertako fruta-arbolak beheraxeago, kafe eta kakaoa zuhaixka horien itzaletan, bananak, kardamomoa eta piñak lurzorutik gertu, kurkuma eta jengibrea lurrazpian... imajinatu baso horretan ibilaldia, ederra!
Tropikoetan bezalaxe klima lehorretan ere erabiltzen jarraitzen dituzte gaur egun baso jangarriak, Marokoko Atlas mendikatean, adibidez. Paisaia idor horietan erreka lehorren inguruan eraikitzen dituzte basoak, lurrazpiko urak aprobetxatu ahal izateko. Gerizpea sortu eta lurrunketa murrizteko asmotan datil palmerak landatzen dituzte lehenik. Horien azpian fruta-arbola espezie ugari daude: laranjaondo, granadondo, pikondo, olibondoak... eta horien guztien artean nahasita mahatsondoak, libreki haziz. Zuhaitzen arteko hutsuneetan artoa, garia eta beste labore batzuk ereiten dituzte. Behin uzta jasota, labore arrastoak aprobetxatzeko eta belarraren hazkuntza kontrolatzeko, asto, ahuntz eta ardiak bazkatzen dituzte. Horrela bada, aniztasun gutxiko inguruneak diruditen lekuetan ere badago paradisuak sortzeko aukera.
Aipatutako bi adibide horiez gain, mundu guztian barreiatuta daude antzeko agroekosistema naturalak: Chinampak Mexikon, Quesungual Hondurasen, subak sistemak Balin, milpa landaketak Ertamerika guztian zehar, dehesa sistemak Espainiako Estatuan...
Gurean ere badugu naturaren gestio mota honen ezagutza. Baserri inguruetan betidanik landatu izan dira fruta-arbola ezberdinak elkarkidetzan: sagarrondo, makatzondo, pikondo, okan, mahatsondo...
Horien mugetan sendabelarrak izaten ziren askotan eta zuhaitzpeetako bedarra aprobetxatzeko animalia mota ugari bazkan. Izen modernorik gabe, gure arbasoen senetik jaiotzen zen ekosistema ingurune hauek sortzeko beharra, energia gutxi txertatuta jaki anitzak eskaintzen zituena.
Gure klimaren ezaugarriek baso irekiak diseinatzera behartzen gaituzte, zabaltasun horrek argia sartzen utzi eta umeltasuna murriztu ditzan. Horrela, ekoizpena areagotu, fruituak heltzen lagundu eta umeltasun maila altuak sorturiko gaitz arazoak kontrolatzen dira.
Nahiz eta milaka urte dituen jakintzaz ari, garai modernoek izena ez ezik beste hobekuntza batzuk ere ekarri dituzte. Gaur egun mundu osoko espezie eta barietateak landatzeko aukera dugu, baita atzerriko teknika ezberdinak erabiltzekoa ere. Horrez gain, teknologiak ingurunearen ezagutza sakonagoa eskaini eta berari moldatutako sistemak diseinatzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Horregatik, milaka urte dituen kontzeptu berri batez ari gara: baso jangarria.