argia.eus
INPRIMATU
Abortu eskubidearen alde egin dute AEBetako hainbat estatutan
  • Washingtonen zein beste hiri ugaritan manifestazioak antolatu dituzte, eta oihukatu “ez dutela atzera egingo” abortu eskubideari babesa kentzeko Gorte Gorenaren epaiaren aurrean.

Lide Iraola 2022ko urriaren 10a
Milaka pertsona bildu dira Washingtonen abortatzeko eskubidearen alde / Argazkia: The Washington Post

Washingtonen eta Amerikako Estatu Batuetako beste hiri ugaritan protestak egin dituzte larunbatean abortatzeko eskubidearen alde. Hiriburuan hiru mila pertsona baino gehiago bildu dira antolatzaileen arabera, eta ehunka beste estatuetan zehar. Emakume Martxa hau Donald Trumpek 2016ko hauteskunde presidentzialak irabazi zituenetik urtero antolatu dute. Aurtengoak, aldarrikapen zehatza izan du: estatuarteko mailan abortatzeko eskubidearen babesa deuseztatu duen Gorte Gorenaren epaia arbuiatzea.

Auzitegi Gorenak 1973an ebatzitako epai batek AEB mailan babesten zuen abortatzeko eskubidea. Gorenak aurten hartutako erabakiak, ordea, estatu bakoitzari eskumena eman zion ugalketa-eskubideen gaineko legeak egiteko. Ordutik, AEBetako 50 estatuetatik hamahirutan murriztu egin dira aborturako baldintzak, eta hiru emakumetik batek ez du horretarako eskubiderik. 

Azaroan egingo dira Kongresuko bi ganberak berritzeko agintaldi erdiko hauteskundeak, eta lehenak izango dira Gorenak epaia eman zuenetik. AEBetako hainbat hedabideren arabera, emaitzak erabakigarriak izan litezke, abortatzeko eskubidea estatu bakoitzaren esku dagoen testuinguru honetan. Horren harira, Washingtonen Kapitolioaren aurrean oihukatu dute "ez dutela atzera egingo" Gorenaren epaiaren aurrean.

Gaur egun abortatzeko eskubidea erabat debekatuta dago Alabama, Arkansas, Hego Dakota, Idaho, Kentucky, Oklahoma, Louisiana, Mississipi, Tennessee, Texas eta Mendebaldeko Virginian, Center for Reproductive Rights erakundearen datuen arabera.