Sara Majarenasek bigarren gradua eskuratuko duela jakin ostean, 5.000 pertsona baino gehiago batu dira Donostian, ama-alaben askatasuna eta etxeratzea eskatzeko. Majarenasen abokatuak ziurtatu du lanean jarraituko dutela hirugarren gradua lortu arte.
Mobilizazioa Bulevarrean hasi da. Jai giroan ibili da Donostiako kaleetan zehar, izar formadun puxikak zeramatzaten haurrek gidatuta. Epaitegien aurrean amaitu da. Han, Majarenasen aitak alabak idatzitako gutuna irakurri du. Sara Izarrekin Etxera plataformak eskerrak eman ditu jendeak eskainitako babesarengatik, eta lanean jarraitzeko deia egin du: “Madrilen egoteak Izar familia girotik urruntzen du eta zaintza zentroan ez da aske izango”.
Majarenasen abokatu Onintza Ostolazak bere poztasuna adierazi du lortutako urratsarengatik. Lana, ordea, ez da hemen amaitzen. Helmuga hirugarren gradua da, euskal preso donostiarrak horretarako baldintzak betetzen dituelako.
Ostegunean bete zituen hiru urte Izarrek. Espainiako legeriaren arabera, une horretatik aurrera seme-alabak ezin dira kartzelan egon. Ostegunean Espainiako Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak bigarren gradua eman zion, 100.2 artikuluaren “malgutasun printzipioa” jarraituz. Sara eta Izar Piocasseteko espetxetik atera eta Madrilgo zentro berezi batera eramango dituzte.
Manifestazioaren laburpen bideoa: