Milaka lagun bildu ziren igandean Vianan “Hartu, tira, tenka” lelopean, bertako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatutako Nafarroa Oinez arrakastatsuan.
Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin zuten egunaz eta dena aurreikusi bezala atera zela azpimarratu zuten. Lortutako irabaziak bi ikastolek dituzten maileguak arintzeko erabiliko dira eta horrela maileguetara bideratutako dirua ikastolen eguneroko jarduna sendotzeko baliatuko dute.
Uxue Barkos lehendakaria, Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakaria eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza Saileko kontseilaria izan ziren irekiera ekitaldian, Nafarroako ordezkaritza instituzional oso zabalarekin batera. Barkosek ikastola biak zoriondu zituen egindako lanagatik eta aurrera egitera animatu zituen, “oraindik asko dagoelako egiteko”. Gizarte osoak eta Gobernuak ere lanean jarraitu behar dutela azpimarratu zuen, “euskarari dagokion prestigioa eta sostengua emateko”.
Euskararen alde ausardia eskatu diete nafar erakundeei
Viana eta Lodosak euskararen alde egindako ibilbidea azpimarratu eta politikariei ausardia eskatu zieten ikastolako arduradunek, euskararen alde "Erriberako guraso eta irakasleek izan duten ausardia bera", ekimen zehatzen bitartez bi ikastola hauen hezkuntza proiektua sendotzeko, "inguruko euskarazko kalitatezko hezkuntzaren erreferenteak izaten jarraitzeko".
Aurtengoa izan da bi ikastolek elkarrekin antolatu duten lehen Nafarroa Oinez. 3,6 kilometroko Ibilbideak Viana herria inguratzen zuen eta egunak festa giro ederrean egin zuen aurrera. Hodeitsu eta freskotik esnatu zen herria, baina eguerdi aldera 18-20 gradura hurbildu zen termometroa eta eguna gozatu zuen. Gisa honetako jaietan ohikoa bilakatu den gisan, gazteen gunea izan zen jendetsuena eta biziena.
Lesakako Tantirumairu ikastolak hartu du Nafarroa Oinezaren lekukoa.