argia.eus
INPRIMATU
Milaka pertsonak egin zuten bat Iruñean nekazarien protestarekin
  • Nafarroako Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, 8.500 pertsona bildu ziren Otsailaren 6ko (O6) Mugimenduak ostegun arratsaldean Iruñean deitutako manifestazioan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko otsailaren 16a

Joan den otsailaren 6an Whatsappez deia egin eta traktoreak kalera atera zituztenetik, aurrera atera duten lehen kale mobilizazio handia da. Manifestazioen ibilbide klasikoetako bat hautatu zuten, Antoniuti parketik atera, Armadaren etorbidea, Nafarroa Behera etorbidea eta Karlos III.etik barrena jo Gaztelu plazan amaitzeko.

“Por nuestro futuro. Respeto. Gure etorkizunaren alde. Errespetua” jartzen zuen manifestazio buruko pankartan. Beste batzuetan hala irakurri zitekeen, gaztelaniaz: “Guztiak batera Nafarroako landa eremuarekin, jaten ematen ez badizuegu, nork egingo du?” edo “Gure aldarrikapenak, zuen osasuna”. Familia asko zegoen manifestazioan eta landa eremuak behar duen etorkizuna aipatuta, haurrei eta haien jolasteko traktoreei lehentasuna eman zieten manifestazioaren hasieran.

Bukaeran irakurritako agirian erkidegoko politikariei dei egin zieten haien aldarrikapenak hartu eta lehenbizi Madrilera eramateko eta ondoren Bruselara. Landa eremua eta herri txikiak bizi behar dutela ere aldarrikatu zuten, modu orokorrean aipatuta.

Zehatzagoak izan ziren egunotan egiten ari diren eskaerekin: burokrazia gutxiago behar dutela, eta horrela produktuak garestitzen zaizkiela; atzerriko proiektuek lehia desleiala egiten dietela eta haien sarrera debekatzea eskatu zuten. edo haiei neurri arautzaile gogorragoak jartzea, hemengoei jartzen zaizkien moduan.

UCAN, UAGN eta EHNE erakunde eta sindikatuak zalantzan ibili ziren deialdiarekin bat egin edo ez, eta azkenean beren afiliatuen esku utzi zuten mobilizaziora joatea edo ez. Nekazarien ordezkariek ostiral honetan bilera dute Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, eta mahaiaren gainean jarri dituzten aldarrikapenen bueltan adostasunik lortu ezean, traktoreak berriz errepideetara eta hiriburura eramango dituztela jakinarazi dute.