“Ez da sagarra ustela dagoena, saski osoa da” pankartaren atzean milaka pertsonak Bartzelona erdiguneko karrikak zeharkatu dituzte asteazkenean. 4F kasuaren “muntai judizial, politiko eta poliziala” salatu dute La Directak manifestazioaren kronikan jaso duenez.
Kataluniako telebista publikoan 4F kasua biltzen duen Ciutat Morta dokumentala emititzeak hautsak harrotu ditu. Lan honek kondenatutako hiru gazteren bertsioa jasotzen du, bertsio ofiziala kolokan jarriz.
4Fko gertakariakez direla poliziaren tratu txarren edota bidegabekeria judizialaren kasu bakarra oroitarazi dute manifestazioan. Horren baitan, Can Vies zentro okupatuaren hustean izandako istiluetan parte hartzeagatik berriki kondenatutako pertsonak gogora ekarri dituzte.
Asteazkenean bederatzi urte bete dira jai giroan murgilduta zegoen okupatutako antzoki baten inguruan hasitako karga polizialak gauari bukaera eman ziola. Kalean zeuden poliziei teilatutik zenbait objektu jaurti zizkieten. Kaskorik gabe zebilen polizietako bati loreontzi batekin buruan jo eta hau koma egoeran geratu zen. Guztira bost pertsona izan ziren atxilotuak: hiruk erasoa eman zen unean kalean zeuden, eta beste biak, ospitalean atxilotu zituzten, tartean Patricia Heras, 2011n kartzelako irtenaldi bat aprobetxatuz bere buruaz beste egin zuena.