Euskal presoen auziari konponbidea ematea eskatu dute larunbat arratsaldean milaka pertsonak Bilbon. Kalera Kalerak deitu zuen manifestaziora, eta Presoak kalera. Bada garaia lelopean egin da Casillatik Bilboko udaletxerainoko bidea.
Antton Lopez Kubati Kalera Kalerako bozeramaileak hitza hartu du manifestazioaren aurretik, eta euskal preso politikoei “babesa, elkartasuna eta maitasuna” adierazteaz gain ETAk iragan astean ateratako komunikatuaren harira esan du barkamen eskaera urrats garrantzitsua izan daitekeela presoen egoera hobetzeko bidean.
Izan ere, manifestazioa testuinguru berezian egin da. Kubatik esan du Euskal Herria “fase historiko berri batean” sartzen ari dela. Alabaina, gogorarazi du badela sufritzen ari direnak: “presoak, deportatuak eta erbesteratuak”: “Sufrimendu hori amaitu eta guztion artean bakearen, elkarbizitzaren eta berradiskidetzearen bidea egin nahi dugu. Presoen kolektiboa eta ezker abertzalea prest daude horretarako, eta gainontzeko agente politiko eta sozialak ere prest egotea espero dugu".
Iragan astean lehenengoz Auzitegi Nazionalak lehenengo gradutik bigarrenera aldatzea ukatu zion preso bati, eta manifestariek lehen graduarekin amaitzea eskatu dute Bilbon, gainditu beharreko lehen “traba” denez gero. “Estatua, bere gobernua buru duela, eskubide horretarako bidea trabatzen saiatuko da. Traba horiek, ukapen horiek, herri gisa batuko gaituen arma politiko bilakatu behar ditugu, bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko”, esan du Kalera Kalerako bozeramaile Urtza Alkortak manifestazioaren amaieran.
Euskal presoen kolektiboak “legedia arruntari” heltzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta gogorarazi dute iaz horretarako bidea hasi zutenean, EPPK osatzen duten presoen %90ek legedia arruntaren aldeko apustua egin zutela.
Alkortak eman zion amaiera manifestazioari: “Ondo entzun dezala entzun behar duenak: preso politikoak dira. Politikoa da haien borroka; beraz, euskal gatazkaren konponbideak ere politikoa izan behar du”.
"Euskal presoak etxera", corean miles de personas en las calles de Bilbo respondiendo a la convocatoria de manifestación de la dinámica de la izquierda abertzale Kalera Kalera. pic.twitter.com/xLThY8mQ9l
— agustin goikoetxea (@goikodeustu) 2018(e)ko apirilak 21