argia.eus
INPRIMATU
Milaka pertsona mobilizatu dira Galesen independentziaren alde
  • Wales says yes (Galesek baietz dio) lemapean egin dituzte manifestazio jendetsuak herrialdeko hainbat hiritan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 09a
Independentziaren aldeko manifestariak. Argazkia: @YesCymru

Milaka galestarrek Merthyr Tydlf herriko kaleak bete dituzte igandean independentziaren alde. Antolatzaileek 5.000 pertsona izan direla baieztatu dute, baina Galesko beste herri batzuetatik joateko zuten zailtasuna dela eta, Cardiff eta Caernafron hirietan ere martxa egin dute Galesen askatasunaren alde.

Merthyr Tydlf herrira joateko trenak jendez gainezka zeudela baieztatu dute, eta pertsona askok beren herrian geratu behar izan dute, baina horrek ez du jendea geldiarazi, Cardiff hiriburuan eta Caernafron herrian ere mobilizatu baitira.

Brexit-a funtzio garrantzitsua betetzen ari da Eskozia eta Galesen, eta mugimendu independentista hauspotzen ari da. Gwynoro Jones laborista ohiak esan du Galesen etorkizuna kontuan hartu beharko dela, Erresuma Batuko gobernuaren “politika lotsagarriak” eta “tentsioa” direla eta: “Brexit-ak 2020 urte guztia hartuko du egonkortzeko, baina guk Galesen jarri behar ditugu indarrak”, esan du Jonesek.

Neville Southall futbol jokalari ohia eta Eddie Butler errugbi jokalari ohia eta kirol esataria izan dira manifestazioan hitza hartu duten pertsonak. “Munduko herrialde handiena da hau, baina ez da guztiz ona dragoia izatea, ezin badu orro egin”, esan du Southallek jendaurrean. “Galesen klase sistema suntsitu behar dugu. Denok berdin izan beharko genuke” esaten amaitu du futbol jokalari ohiak.