argia.eus
INPRIMATU
Milaka pertsona mobilizatu dira Bartzelonan erakunde katalanak Espainiako Estatuaren erasoez babesteko
  • Igandean, 80.000 pertsona inguru bildu ziren Bartzelonan Kataluniako erakunde eta kargu hautetsiak Espainiako Estatuaren eraso judizialetatik babesteko. “Demokraziaren alde. Gure erakundeak defenda ditzagun” lemapean egin zuten ekitaldia. Kataluniarrentzat “mobilizazio egonkorraren ordua” iritsi dela azaldu zuten.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 14a
Ekitaldian 80.000 pertsona inguru bildu ziren (Arg.: ANC)

Omnium Cultural, ANC eta AMI elkarteek deituriko mobilizazioa izan zen. Katalunia guztitik 170 autobus mugitu ziren hiriburura. Elkarteen helburua Kataluniako prozesuaren judizializazioa salatzea zen. Maria Cristina etorbidean ospatu zen eta agerturiko jendetzaren eraginez autoei Espainiako Plazarako bidea itxi behar izan zitzaien.

Ekitaldiaren hasieran Espainiako Konstituzio Auzitegiak atzera botariko lege guztiak gogoratu zituzten, hainbat kasutan auziperatuta dauden hautetsien izenekin batera. Egun, 407 prozesu judizial daude irekita 259 udal katalanen aurka.

Omnium Cultural elkarteko  presidente Jordi Cuixartek konstituzionalak atzera botariko legeak gizarte legeak direla argudiatu zuen, arriskuan jartzen dena demokrazia izanik. Cuixartek gehitu zuen hautetsi bati eraso egiten badiote, herri osoari egiten diotela eraso. Bestalde, mobilizazio egonkorrerako deia egin zuen hitzaldian.

 ANCko presidente Jordi Sanchezek bide beretik jo zuen, kataluniarrena baino iraultza demokratikoagorik ez dagoela azpimarratuz. “Ez dugu axolagabe jokatuko Mas eta bere gobernua epaitegietara eramatean. Ez gara geldirik geratuko auzitegiak gure presidentea parlamentutik ateratzen saiatzen direnean”, azaldu zuen.

Auziperatuta dauden hainbat hautetsi ere igo ziren eszenatokira, besteak beste, Carmen Forcadell parlamentuko presidentea, Artur Mas presidente ohia, Irene Rigau, Joana Ortega eta Francesc Homs kontseilari ohiak eta Montserrat Venturós Bergako alkatea.