Greziako Gobernuak ostegunean egingo du lege-proposamena Legebiltzarrean. Hamahiru orduko lanaldia legeztatzeaz gain, greba eskubidea ere urratu nahi du.
Gobernuak proposatutako legeak, egunean hamahiru ordu eta astean 78 orduko lanaldia legeztatzeaz gain, greba eskubideari ere eragingo lioke. Izan ere, jardun sindikala zigortu nahi du, sei hilabeteko kartzela-zigorrarekin eta lantokia blokeatzen dutenen kasuan, 5.000 euroko isunarekin.
Horren aurrean milaka lagun kalera atera dira Atenasen. Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta.
2021ean onartutako lan legeak eguneko zortzi orduko muga ezabatu zuen. Ostegunean aurkeztuko dute lege proposamena Legebiltzarrean, eta egun horretan Greziako sindikatuek greba nazionalerako eta manifestaziorako deia egin dute.