Donostiako Piratek elkarlana eta irudimena baliatuz, edozer dutela posible erakutsiko dute gaur. Manu Chaoren kontzertuaz gain, egun osoan ekintza ugari eta Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Saharar Herria laguntzeko ekimen solidarioa izango dira. Jende asko bertaratzea espero denez, garraio zerbitzu bereziak jarri dituzte.
Zurriola hondartza inguruetan 10:30etatik aurrera hasiko dira ekintzak, denak dohainik. Adin guztietako jendeari zuzenduta egongo dira eta eta egunaren bukaeran iritsiko da kartel-buru den Manu Chaoren kontzertua.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eta Saharar Herriari laguntzeko asmoz, “jatekorik ez duen piratarik egon ez dadin” egun osoan antolatu duten ekimen solidarioa azpimarratu dute piratek. Ondorengo produktuak eramateko deia luzatu dute: arroza, oliba olioa, azukrea, kontserbak, esne-hautsa, dilistak eta konpresak.
500 boluntario inguru ari dira auzolanean eguna aurrera eramaten. Denen artean, besteak beste, ondorengo balioak bultzatu nahi dituzte: herritarren parte hartzea, euskararen normalizazioa, parekidetasuna, jasangarritasun ekonomikoa eta ekologikoa, kultur aniztasuna, elkarrekiko errespetua eta auzolana.
Piraten oharrak
Izanpirata.info webgunean errespetatu beharreko ohar batzuk zabaldu dituzte piratek. Alde batetik, “gune segurua osatze aldera” eraso sexisten aurkako neurri zehatzak hartuko dituztela adierazi dute eta hurrengo telefono zenbakia finkatu dute horrelakoak salatzeko: 674562864.
Hondartza garbi mantentzeko, Brigada Berdeak ibiliko dira egun osoan inguruak garbitzen. Kristalik ezingo da sartu hondartzara, hori saihesteko segurtasun filtroetan katxi edalontziak banatuko dira.
Garraio zerbitzu bereziak
Milaka pertsona batuko direla aurreikusita, garraio zerbitzu bereziak gertatu dituzte. Dbuseko zerbitzu bereziak ezarri dira eta Euskotrenek ere zerbitzua indartu du, 01:30etik 03:00ak arte, Donostiatik Zumaiara eta Hendaiara tren bereziak ezarriz.
Renfek ere kontzertuaren ostean tren bereziak jarriko ditu, bi Irunera eta bana Tolosara eta Brinkolara. Autoentzat eta autobusentzat Illunben aparkaleku-erresereba ezarri du Donostiako Udalak.