argia.eus
INPRIMATU
35.000 lagun Barcinari dimisio eske
  • Kontuz! elkarteak deituta, azkenaldian Iruñeak ikusi duen manifestazio jendetsuena egin zuten larunbatean. "Goicoechea auzian" gertatutakoari buruzko azalpenak eta ardurak eskatu dizkiote Yolanda Barcinaren gobernuari.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko otsailaren 24a
Milaka pertsona bildu ziren Iruñean hauteskundeak aurreratzearen alde eta Nafar Gobernuko ustelkeriaren kontra. Argazkia: Ekinklik

Herriari ahotsa eman diezaiotela eskatzeko, hauteskundeak aurreratzearen eta Nafarroako Gobernua zikindu duten ustelkeria kasuak argitzearen alde ideologia ugaritako pertsonak bildu ziren Iruñeko kaleetan. Antolatzaileen arabera 35.000 pertsonak parte hartu zuten martxan. Ustelkeriarik ez, eman hitza herriari lemapean Yolanda Barcinaren dimisioa ere eskatu zuten manifestariek.

Patxi Zamora Kontuz! plataformako bozeramaileak azpimarratu zuenez aniztasuna izan zen aipagarriena larunbateko deialdian. Izan ere, hainbat alderdi politikoek babestu zuten mobilizazioa: Bildu, Aralar, Geroa Bai, PSNko hainbat kide, Izquierda-Ezkerra eta Kalamuaren aldeko alderdia, besteak beste. Alderdi politikoez gain hainbat sindikatu eta kolektibo sozialek ere bat egin zuten. “Gaur egun garrantzitsua izan da, herritarren gehiengoak zer pentsatzen duen ikusi dutelako”, adierazi zuen Zamorak.

Nafarroak baliabideak kudeatzeko beste modu bat behar duela gaineratu zuen Kontuzeko bozeramaileak. Nafarroa hondamendi politiko eta ekonomikora bultzatzearen erantzukizuna Barcina eta bere gobernuaren gain jarri zuen. “Herria entzun behar dute, azalpenak eman behar dituzte. Denek dakigu zeintzuk diren gaur egungo egoeraren arduradunak”.