Bizitza plataformak manifestazioa egin du Bilbon “Stop diktadurarako pasaportea” eta “Askatasuna” zioten bi pankartarekin. Milaka pertsona batu dira La Casillatik atera eta Autonomia kalean barrena joan den mobilizazioan. Covid pasearen eta haurren txertatzearen aurkako aldarriak izan dira nagusi.
"COVID pasea herritarrak kontrolatu eta esperimentu horretan parte hartu nahi ez dutenak diskriminatzeko da". Irakurketa hori egiten dute Bizitza plataformako kideek, eta beren ustez, "agerikoa da pasaporte lotsagarri hau ez dela osasun kontu bat, baizik eta orain arte ezagutzen ez dugun totalitarismo bati atea irekitzen dio, eta oraingoz, atzera bueltarik ez duen totalitarismoa".
Paseaz gain, txertoen aurkakotasunak ere presentzia izan du, zehazki haurren txertaketak. "Gure haurrak babesteko prest gaude: haurrak, ez baitira laborategiko saguak, ez baitira mundura sortu farmazia industriaren medikamentu esperimentalak probatzeko". Aurreko astean Iruñean egin bezala, datozen egunetan Bilbon umeen txertaketa gelditzeko asmoz kereila sartuko dute Liberum elkartearekin batera "preskripzio faltagatik eta informazio faltsua emateagatik".
Pankarta nagusiaren atzetik, beste ugari eraman dituzte manifestatzaileek: "Gera dezagun COVID-19 txertatze esperimentala", "Adin txikikoekin ez da esperimenturik egiten", "Babestu natura" edo "Stop vacunazi pasaportea: terrorismo informatiboa".
Manifestazioan jakinarazi dute epaitegietara jotzear direla pasearen aurka, eta hau indarrean jarri denetik jendeak herrietan aurkeztutako erreklamazioak jasotzen ari direla urtarrilaren 31 bitartean. Ondoren lurralde bakoitzeko epaitegietan aurkeztuko dituzte horiek.