argia.eus
INPRIMATU
Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote Alexei Navalnyri
  • Moskuko Hiri Epaitegiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Alexei Navalny Errusiako oposizio buruari, Presondegi Zerbitzu Federalak eskatzen zuen moduan. Milaka pertsona atxilotu dituzte erabakiaren aurkako protestetan.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 04a
Argazkia: Evgeny Feldman / Novaya Gazeta

Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra gaurkotzea erabaki du Moskuko Hiri Epaitegiak, eta aurreko espetxealdian betetako denbora deskontatuta bi urte eta zortzi hilabete egin beharko ditu kartzelan.

Sekulako segurtasun neurriekin hasi zen saioa astearte goizean, Navalny kristalezko “arrainontzian” sartu zuten epaiketa gelan. Kanpoan Navalnyri elkartasuna adierazten ari ziren kideak biltzea ekidin zuen poliziak, eta 100 bat pertsona atxilotu zituen.

2014ko abenduan hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Navalnyri eta bere anaiari, ustez Yves Rocher kosmetiko enpresa frantserari egindako iruzurragatik. Giza Eskubideen Auzitegiak zigorra bertan behera uztea agindu zuen 2017an, “epaiketa justua izateko eskubidea” bermatu ez zelako, eta kalte-ordainak ordaintzea agindu zion Errusiari. Ebazpena arbuiatu zuen Errusiako Auzitegi Gorenak eta Navalnyriren anaiak kartzela zigorra bete zuen. Oposizio-buruari ordea, 2018an zigorra eten eta baldintzapeko askatasuna onartu zitzaion.

Iazko abuztuan Berlineko ospitalera joan behar izan zuen Navalnyk ustezko pozoitze bat zela eta. Analisiak egin ondoren, Alemaniak, Frantziak eta Suediak sobietar aroko toxiko batekin pozoitu zutela ondorioztatu zuten. Kremlinari azalpenak eskatu ostean, Moskuk bera atzean egon zitekeenik ukatu zuen, baita Navalny pozoindua izan zen hipotesia ere.

Urriaren 12rako “gaixotasunaren arrasto guztiak gaindituta zituelako”, Moskuko epaitegian aurkezteko egun bakarreko epea eman zioten baina oposizio-burua ez zen agertu. Urtarrilaren 17an Alemaniatik Moskuko aireportura iritsi bezain laster atxilotu zuten, Presondegi Zerbitzu Federalak eskatuta.

Errusiako 100 hiri baino gehiagotan izan dira protestak azken bi asteburuetan eta dozenaka milaka jarraitzaile atera dira kalera. Poliziak milaka eta milaka pertsona atxilotu ditu, 5.000tik gora aurreko igandean soilik. Europako erakundeetako agintariak espetxe zigorraren aurka azaldu dira eta oposizio burua berehala askatzea eskatu dute.