argia.eus
INPRIMATU
Milaka pentsionista manifestatu da Gasteizko legebiltzarraren aurrean pentsioen eta eskubide sozialen alde
  • Euskal Herri osotik heldutako 5.000 pertsonatik gora batu ditu deialdiak, antolatzaileen arabera. Legebiltzarreko alderdiei euren eskaerak helarazi dizkiete. “Batasuna da gure indarra, mobilizazioa gure berme bakarra”, adierazi dute amaierako ekitaldian. Urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzera deitu dute.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko abenduaren 12a
Gasteizko Legebiltzarraren ondoan amaitu dute mobilizazioa pentsionistek. Argazkia: ARGIA:

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatzeko deia egina zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsionisten mugimenduek. Nafarroan astelehenean interpelatuko dute bertako legebiltzarra beste manifestazio batekin. Halere, Nafarroatik ere hurbildu dira pentsionistak Gasteizera. 40 autobus baino gehiago antolatu dituzte herri eta auzoetatik. Aniztasun geografikoa argi antzeman zitekeen manifestarien pankarta, zapi, ikur eta afixetan: Portugalete, Zarautz, Aramaio, Enkarterriak, Barakaldo, Gasteiz, Eibar, Iruñea... Oihu artean eman diote buelta osoa legebiltzarrari. Bitartean, mugimenduaren ordezkariak eraikinean sartu dira alderdi politikoei euren aldarrikapenak eskura emateko. Mobilizazioa jendetsua izan da. Poza nabaria izan da manifestarien artean.

Legebiltzar ondoko katedral berriaren plazan amaitu dute mobilizazioa. 5.000 pertsonatik gora batu direla adierazi dute antolatzaileek. Arabako Pentsionistak Lanean taldeko Jesús María Soubiesek irakurri du komunikatua euskeraz. “Gugatik eta hurrengo belaunaldiengatik” ari direla borrokan esan du Soubiesek. Legebiltzarreko talde politikoei eskakizun ezinbestekoak ez ezik, “egingarriak” luzatu dizkietela azaldu du. Espainiako Gobernuak –funtzioan egonagatik ere– zein Gasteizko Legebiltzarrak –eskumen guztien jabe ez izanagatik ere– pentsioen aldeko neurri ugari hartzeko aukera daukate, Soubiesen esanetan: 2010eko lan erreforma eta 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera utzi, genero arrakalarekin amaitu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu edo zerbitzu sozialak indartu, besteak beste. “Egin ahal izan dute eta ez dute egin”, kritikatu ditu alderdiak.

Batasunaren eta mobilizazioaren aldeko aldarria egin dute pentsionistek, eta alderdikerien gainetik kokatu dira: “Batasuna da gure indarra, mobilizazioa gure berme bakarra. Berdin du nork gobernatzen duen, pentsioak defendatu egiten dira. Jo eta ke irabazi arte!”, izan dira Soubiesen azken hitzak.

Greba orokorra

Emmanuel Macronen gobernuak pentsio sistemaren erreforma ezarri nahi du, eta asmo horren aurka mobilizazioak eta grebak izaten ari dira egunotan Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. Pentsionistek elkartasuna adierazi diete grebalariei. Hego Euskal Herrian greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako, eta deialdia babestu dute gaurko mobilizazioa deitu duten pentsionisten mugimenduek. Txoriak Txori kantatuz eman diote itxiera ekitaldiari, eta grebaren aldeko oihuen artean sakabanatu dira.