argia.eus
INPRIMATU
Jarraipen zabala erretreten erreformaren aurkako bigarren greba orokorrean, Ipar Euskal Herrian
  • Frantziako Gobernuak erretiro adina bi urtez atzeratu nahi du eta kotizazio urteak luzatu. Erreforma urtarrilaren 13an aurkeztu zuenetik, bigarren egunez mobilizatu dira milaka herritar Ipar Euskal Herrian, erreformaren aurkako protestan.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 31

Asteartean 13.000 eta 15.000 lagun bitartean bildu dira Baionan sindikatuen arabera (10.000 poliziaren arabera), urtarrilaren 19ko lehen mobilizazio egunean hainbeste.

Frantziako Estatuko intersindikalak eta LABek egin dute deialdia, Erretreten erreforma injustu hau erretiratu lelopean. LAB sindikatuak pankartak eskegi ditu Société Générale bankuaren kanpoaldean. Hemen Naizeko kazetari Maite Ubiriaren bideoa.

 

Frantziako sindikatu nagusienek idatzi bateratua argitaratu dute salatzeko "inolaz ere" ezin dela justifikatu "halako erreforma ankerrik". LABek ohar bidez gaineratu du gobernuak ezarri asmo dituen aldaketek pertsona zaurgarrienei egingo dietela kalte handien. Emakumeen kasuan jarri dute arreta, soldata arrakala eta denbora partzialengatik pentsio txikiagoak jasotzen dituztelako.

Sindikatuek ez ezik, hainbat gizarte eragilek ere babesa adierazi dute Baionan protesta egunean; horien artean, Berdin Bizi! mugimendu ekologistak, etxebizitza eskubidearen aldeko Aldak edota Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. 

Mobilizatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek. Besteak beste, Donibane Lohizuneko eta Hendaiako CGT sindikatuko unitateak otsailaren 2rako elkarretaratzerako deia luzatu dute, 18:00etan hasita Baionako tren geltokian. 

Erretiro adina 62tik 64ra

Elizabeth Borne Frantziako Ekonomia ministroak aurkeztuteko erretreten erreformak asmo du jubilaziorako adina 62 urtetatik 64ra atzeratzea 2030rako. Gainera, orain arte baino urte bete gehiago kotizatu beharko da erretiratzeko: 43 urte. Jenofa Berhokoirigoinek jaso zituen erreformaren xehetasunak hemen.