Duela hamarkada bat egin behar da atzera Nafarroan asteazken honetan administrazio publikoan bizi den greba moduko bat ikusteko. 29.000 langile deitu dituzte grebara LAB, UGT, ELA, CCOO, Stee-Eilas eta SAEk.
Sindikatuek 11:30etan egin dute bilkura deialdia Nafarroako Gobernuaren aurrean Karlos III.a kalean eta milaka lagun bildu dituzte. Sindikatuetako hainbat ordezkari eta parte-hartzailerekin hitz eginda, kazetari honek hartu duen inpresioa da agian ez zutela hainbeste jende espero. Agian horregatik hautatu dute biltzea foru gobernu egoitzaren aurrean eta ez handi geratu zitekeen Gazteluko Plazan. Alabaina, lehen bilkura honek aurreikuspenak gainditu dituela esan liteke.
Grebaren daturik ez dago oraindik, baina baliteke antzeko inpresioa egotea, horren greba deialdi azkarrarekin, lehen egunetako hoztasuna berotuz joan baita egunek aurrera egin ahala. Esan behar da, hala ere, honakoak sektore publikoko hainbat langile eta sindikatuetako hainbat ordezkarirekin hitz egindakoaren ondorengo inpresioak besterik ez direla.
ELAko ordezkari Izai Bujandaren esanetan, “jendetza honek erakusten du mobilizazioa arrakastatsua izan dela. Jendea haserre dago eta bilkura honekin haserre horri aurpegiak eta gorputzak jartzen dizkiogu”. Hedabideen aurrean egindako balorazioan ELAko eta UGTko ordezkariak aritu dira, eta Bujandak salatu du “gobernuak jarritako gutxieneko zerbitzuak handiegiak izan direla. Ulertzen dugu gutxieneko zerbitzuak egotea, baina ez horrenbestekoak”.
Langileen haserrea aipatu dute sindikatuetako ordezkariek, osasun zentroetan eta eskoletan aspaldi egiten ari diren gisa, baina azken egunotan bada haserre hori areagotu duen faktore bat: Nafarroako Medikuen Sindikatuaren greba. Zenbakiei begira, greba hori txikia izaten ari da, eta osasunaren sektore publikoko gainerako sindikatuen ikuspegiaren aurkakoa da, besteak beste, gehiengo sindikalaren aburuz hark bere burua bakarrik defenditzen duelako, eta osasunaren izpiritu publikoaren aurka ari delako. Hala ere, Foru Gobernuak arreta osoa eskaini dio, eta prest egon da sindikatuaren hileko 1.000 euroko soldata igoera eskaeraren aurrean 400 euro di-da batean eskaintzera. Gehiengo sindikalaren soldata igoera eskaerari, ordea, gobernuak erantzun ohi dio Espainiako Gobernuak ez duela horretarako tarterik uzten.
Medikuen Sindikatuak bi aste daramatza greban, baina gaur lan egitera deitu du, gainerako sindikatuekin greban bat ez egiteko. Gizartean bada sentsibilizazio berezia osasun arazoen bueltan, besteak beste herritarrek egunerokotasunean sufritzen dituztelako. Eta bitxia bada ere, bere grebarekin sindikatua lortzen ari zen arazo horien haien ikuspegia osasun arazoen ardatzean jartzea. Seguruenik, horrek ere izan du eraginik esparru publikoko gehiengo sindikalak gaurko egindako greba deialdian.
Bost aldarrikapen
Honakoak dira gaurko greba bultzatu duten sindikatuen bost aldarrikapen nagusiak: bat, adiministrazioko langileen behin-behineko tasa %8ra jaistea; bi, erosahalmena berreskuratzeko soldata igoera; hiru, ratioen hobekuntza, zerbitzu publiko hobeagoa eskaintzeko; lau, lanbide karrera denontzat; eta bost, zerbitzu publikoen defentsa.
Ekitaldiaren bukaeran ordezkari sindikalek egindako hitzaldian adierazi dutenez, greba honen funtsa da publikoaren pribatizazioari aurrea egitea eta zerbitzu publikoa defenditzea. Haien ustez, egungo gobernuak ahalbidetu du klabeak diren osasuna, hezkuntza, ongizatea edo kulturarena gisako esparruen ahultzea. Horregatik, eskatzen diete Nafarroako talde parlamentariei zerbitzu publikoetara bideratzen den diru kopurua handitzea.
Salatu dutenez, Nafarroako Gobernuko langileek azken hamarkadan erosahalmenaren %20 galdu dute: “Bizitzaren garestitze handia, eta interes tasen gorakada itzelaren garaian, Nafarroako Gobernua mugatu da Espainiako Gobernutik finkatutako igoera egitera”. Nafarroako Gobernuari autogobernua erabiltzeko deia egin diote, besteak beste lanpostuak egonkortzeko, “egon diren egonkortze neurriak, Europak baldintzatutako estatuko lege batean oinarrituta egin baitira”.
Azkenik, gaur 17:30etan Autobus Geltoki zaharretik aterako den manifestazioan ere parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Jendetza bildu da Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parera.#O15grebaNafarroa#15FhuelgaNavarra#ZerbitzuEtaEnpleguPublikoDuinak#ServiciosYEmpleosPúblicosDignos#PUBLIKOetaINDARTSU#ForuAdministrazioaBorrokan#GoraLangileBorroka pic.twitter.com/XGmP21CWyT
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) February 15, 2023
Greba deialdia dago gaur Nafarroako administrazio publikoan eta jendetza bildu da eguerdiko bilkuran Forum Gobernuaren aurrean. pic.twitter.com/MLVXTMEvf3
— Xabier Letona (@xletona) February 15, 2023