Iruñeko Udaletxe plaza bete egin zen uztailaren 7an, mugimendu feministak deituta. 19 urteko emakume bat bortxatua izan da, sanferminetako lehen gauean. Bost gizon atxilotu dituzte eta horietako bat guardia zibila da, Radio Euskadik zabaldu duenez.
Ospitalean artatu zuten emakumea. Salatu du uztailaren 7an bost gizonek indarrez Paulino Caballero kaleko atari batera sartu eta bortxatu egin zutela. Berak emandako deskripzioari esker identifikatu ditu Foruzaingoak, ustezko bost erasotzaileak. Emakumezkoa madrildarra da eta bost gizonezkoak Andaluzian bizi dira. Lau zezen plazan zeuden entzierroaren ostean eta bosgarrena auto baten barruan identifikatu dute.
Radio Euskadiren esanetan eta EITBk bere webgunean zabaldu duenez, atxilotutako bost pertsonetako bat guardia zibila da. 23 eta 26 urteko gizonezkoak dira eta Mercaderes kaleko segurtasun-kameren irudiei esker identifikatu dituzte ustezko erasotzaileak. Epaileak larubatean hartuko die deklarazioa.
Milaka lagunek bete zuten Udaletxe plaza uztailaren 7an, iluntzean, eta erasoarekiko gaitzespen irmoa azaldu zuten, Emakumeen kontrako indarkeriarik ez eta Erasotzaileak kanpora lelopean. Mugimendu feministak deituta, peñek eta erakundeek bat egin zuten deialdiarekin eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea bertan izan ziren.
Sexu erasoen aurkako kanpainak indarra hartu du aurten, baita sanferminak hasi aurretik ere. Farrukas kolektiboak biolentzia matxistaren aurka manifestazioa egin zuen uztailaren 4an, esaterako. Gainera, lehenengoz sexu erasoen aurkako bulegoa zabaldu du Iruñeko Udalak. Bertan informazioa, aholkularitza eta arreta jaso daitezke.
Ekinklik atariak uztailaren 7ko elkarretaratzearen argazkiak bildu ditu:
Salaketak sare sozialetan
Sare sozialetan zeresan handia eman dute hedabide askok erasoaren harira erabili dituzten argazkiek, emakumeak kriminalizatu eta erasoen erruduntzat jotzen dituztela argudiatuz. Protesta handia izan da eta hainbatek argazkiok kentzeko exijitu dute.
"Vamos a poner 1 tía en tetas para ilustrar la noticia de 5 tíos que han violado a 1 tía" @elperiodico #EsUnaGuerra pic.twitter.com/0qwl1c2ocF
— Faktoria Lila (@FaktoriaLila) 7 de julio de 2016