argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagunek osasun sistema publiko duin baten beharra aldarrikatu dute Laudion
  • David Hernandez laudioarraren heriotzak bultzatuta, milaka lagun atera dira ostiralean kalera ozen salatzeko osasun sistema publikoan egindako murrizketek "bizitzak jokoan" jartzen dituztela. JEZeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, azken hamarkadan eskualdean eginiko manifestazio handienetako bat burutu dute gaur.

Aimar Gutierrez Bidarte Aiaraldea @aiaraldea 2024ko urtarrilaren 22a

Atsekabetuta eta haserre, Laudioko kaleetara atera dira milaka lagun, osasun sistema publikoaren defentsan. Iragan asteko David Hernandez 42 urteko laudioarraren heriotzak samina hedatu du eskualdean, eta Osakidetzako murrizketen aurrean "aski da" oihukatzeko mobilizatu dira herritarrak; azken hamarkadan Aiaraldean egon den manifestazio jendetsuenetariko batean.

JEZeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, Laudioko Herriko plazatik abiatu da manifestazioa 18:30ean. Anbulatoriora jo dute, Hernandezen heriotzak Osakidetzaren gaineko alarma guztiak piztu dituela salatzeko.

Osasun sistema publiko duina aldarri

"Osasun zerbitzu kaxkarrek jokoan jartzen dituzte gure ongizatea eta bizitzak. Duela astebeteko gertakari tragikoa da honen muturreko adibidea", adierazi dute manifestazio amaierako ekitaldian. "Eskualdeko osasun sistemak bizi duen egoera kritikoaren ondorioak, baina, aspalditik sufritzen ari gara. Osasun sektoreko profesionalok pairatzen ditugun behin behinekotasun tasa altuak edota lan karga handiek ez digute uzten lana behar bezala egiten", salatu dute osasun langileen izenean, "lehen Arretako profesionalen kasuan, geroz eta agerikoagoa da giza baliabide gutxiago daudela, eta ez direla nahikoa behar den arreta emateko".

Horrez aurrean, "aski" dela aldarrikatu dute, eta osasun sistema publiko duina eskatu dute Aiaraldeko zein gainontzeko eskualdeetako bizilagunentzat.