argia.eus
INPRIMATU
Bilboko manifestazioaren amaierako adierazpena osorik
  • Dozenaka mila lagun bildu dituzte larunbatean Bilbon Sare Herritarra plataformak eta Bake Bidea mugimenduak, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan. Etxera bidea gertu lelopean, salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute, eta Espainiako eta Frantziako Justizia presoen etxeratzeari jartzen ari zaizkien oztopoak kentzeko exijitu. Dagoeneko sei preso dira espetxera itzuli behar izan dutenak hirugarren gradua lortu eta gero, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ekimenez. Jarraian, larunbateko manifestazioaren ostean Sareko eledun Joseba Azkarragak eta Bake Bidea mugimenduko kide Anaiz Funosasek irakurritako adierazpena, osorik.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 09a

34 urte pasatu dira, 1988ko Azaro hartan, Madrilek euskal preso politikoen eta haien familien aurkako urruntze- eta sakabanaketa-politika ankerra martxan jarri zuenetik. Gaur, Euskal Herriko bazter guztietatik iritsitako milaka eta milaka herritarren aurrean, esan dezakegu zaila izan dela, baina etapa hori irabazi egin dugula. Eta guztion artean irabazi dugu.

Ez zuten aintzat hartu euskal gizarteak eskubideen urraketa horri demokratikoki aurre egiteko zuen borondate irmoa.

Milaka eta milaka kilometro egitea ekarri duen bide horretan, sufrimendu handia egon da. Kalte moral larria eta kostu ekonomiko itzela, astero-astero, preso bakar bat ere gera ez zedin bere hurbilekoen bisitarik gabe.

Horregatik, gaur, esker onarekin eta oroimenarekin hasiko gara. Eskerrak eman behar dizkiogu euskal gizarteari, eskuzabaltasunagatik eta eskubideen urraketen kontra egiteagatik.

Eskerrak eman nahi dizkiegu errepidean, Mirentxinekin, edo kalean, laguntza emanez, hiru hamarkada luzez aldarrikapenaren eta elkartasunaren garra piztuta mantentzea lortu dutenei.

Eta, senide presoak bisitatzera zihoazenean edo bisitatik bueltan, errepidean bizia galdu zutenak gogoratu nahi ditugu. Gure oroimenean izango ditugu beti Ruben Garate, Argi Iturralde, Iñaki Balerdi, Antonia Fernandez, Mari Carmen Salbide, Leo Esteban, Jose Mari Maruri, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Iñaki Saez, Asier Heriz, Sara Fernandez, Karmele Solaguren, Natividad Junco, Rosa Amezaga, eta Arantza Amezaga. Guztiak dira urruntzea ezarri duen espetxe-politika horren biktima. Beti Gogoan!!!

Urriaren 8an, Donostian, kezka aurpegiaren ordez, itxaropenez betetako begirada eta poztasunez betetako aurpegia jartzea eskatu genizuen Itxaropena eta poztasuna, mendekuaren aurkako bataila irabazten ari garelako. Gorrotoaren eta errebantxaren gainetik etxera bidea hurbilago jarri dugu. Astiro bada ere, aurrera egiten ari gara, inoiz baino gehiago gure indarrean sinetsi behar dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu.

Herri honek, bertako jendeak, gehiengo politikoak eta sindikatu guztiek aspaldi hartu genuen euskal presoen etxera itzultzeko bidearen aldeko erabakia eta konpromisoa. Estatuek hori martxan jartzea genuen helburu. Presoei hala dagokielako eta elkarbizitzarako lagungarria eta beharrezkoa delako.

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, gurea izango den etorkizuna eraiki nahi dugu, eta horretarako hemen nola eraiki erabaki behar dugu. Euskal presoak gure gizarteko parte dira diren heinean, herri honi dagokio erabakitzea noiz eta nola itzuliko diren etxera eta nola gizarteratuko diren. Modu horretan, guztiok bergizarteratuko gara, terminoaren zentzurik baikorrenean.

Zalantzarik gabe, Euskal Herrian izandako indarkeria guztien biktima guztiek merezi dute gure errespetua haien minaren aurrean, eta gobernuen aldetik tratu berdina jasotzea ere merezi dute. Are gehiago, biktimen auziari konponbiderik bilatzen ez diogun bitartean, gizarteak behar duten begirunea ematen ez dien bitartean, eta euskal presoen egoera konpontzen ez den bitartean, ezin izango dugu elkarbizitzaz hitz egin.

Hori da aurrez aurre dugun erronka, eta Sare herritarra eta Bake Bideak konponbidean parte aktiboa izateko konpromisoa berresten dugu.

Oztopo asko ditugu aurrean, oztopo garrantzitsuak, herri honek benetako bakea eta bizikidetza lortzea eragotzi nahi dutenak, hauen artean Espainiako eta Frantziako auzitegi berezi eta fiskaltza antiterroristak.

Justizia esaten zaion horrek, zeinak, mendekuaren gainean oinarrituta, hemendik ehundaka kimometrotara erabakitzen baitu gutxi ezagutzen dituen eta interesatzen ez zaizkion pertsonei askatasuna eman ala ez. Eta gainera, ez dituzte aintzat hartzen kondena luzeen ondorioz askatasunik gabe dauden pertsonen bilakaera positiboak, nahiz eta espetxeetako teknikarien erabakiek bilakaera hori ontzat hartzen duen.

Subiranotasuna erabiltzea pertsona horiei buruzko erabakiak hemendik hartzea ere bada. Hori da demokratikoa.

Eta hori da aurtengo manifestazioaren leloa: Etxera bidea gertu! Hitz egokienak dira aurrera egiteko dugun borondatea islatzeko.

Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bizikidetzarako espazioak sortuta. Bizikidetza eraiki nahi du euskal gizarteak, konfrontazioz eta indarkeriaz betetako hamarkaden ondoren. Amaiera eman nahi diogu indarkerien eta errepresioaren zikloari, bakea, elkarbizitza eta konponbidea lortzeko zikloa abiarazteko.

Giza eskubideen agenda ezin da egon komenientzia alderdikoiaren eta Estatuaren arrazoiaren mende. Giza eskubideak ezin dira partzelatan bereizi. Osotasun bat eratzen dute, gure herrian izan diren indarkerien ekintza jasan dutenekiko enpatia barne dela.

Horregatik, gaitzetsi egiten dugu, hamarkada luzez askatasunik gabe izan diren eta nabarmenki hobetu ahal diren baldintzak jasaten ari diren gizon eta emakumeei zigor handiagoa ezartzeko legeak bihurritzen jarraitzen dutenen mendekurako grina. Are gehiago ikusita ez dagoela inor kartzelan torturatzeagatik edo estatu-krimenak egiteagatik.

Kuartangotik Lizarrara, Oiondik Lekeitiora, Hazparnetik Santurtzira, Oiartzundik Gasteizera, Kataluniatik, Galiziatik edo Espainiatik, gaur hemen gaudenok gure elkartasuna eta konpromisoa erakutsi nahi dugu.

Elkartasuna euskal preso eta haien senideekin; elkartasuna eta enpatia indarkeria guztien biktimekin, eta berretsi lanean jarraitzeko konpromisoa, bidegabea izanik, guztioi mina eragiten digun egoera honi amaiera emateko.

Erakutsi dugu gizarte honek aurrerantz begiratu nahi duela, sufrimendua desagertzea behar duela. Ildo horretan, bide bakarra dugu, mobilizazio sozialak eta euskal gehiengo politiko eta sindikalaren borondateak baino ezin dute lortu askatasunerako bidea leuntzea.

Bai, bai eta bai: etxera bidea gertu.

Presoak, iheslariak eta deportatuak: etxera!

Denok batera lortuko dugu.