argia.eus
INPRIMATU
Ehunka lagunek Aroztegiko proiektua gelditzeko eskatu dute Baztanen
  • Aroztak Herri ekimenak deituta Elizondotik Lekarozera manifestazioa egin dute Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatzeko. Antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona inguruk parte hartu dute.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 17a
Argazkia: Ekinklik

Ehunka pertsona bildu ziren larunbatean Baztanen, Aroztegiko makroproiektu urbanistikoa gelditzeko eskatzeko manifestazioan. Aroztak plataformak Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu lelopean antolatu zuen mobilizazioa, eta Elizondon hasi eta Lekarozen amaitu zen.

Apirilaren 8an hasi ziren Lekarozko herrian luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat egiteko proiektuaren lanak, Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Herritarrek lanak egin behar zituzten lurretan egindako kanpaldiak 11 egun iraun zituen eta lanak gelditzea lortu zuten.

Plataformako kideek adierazi dutenez, “Baztango herriak ez du proiektua onartzen“ eta Nafarroako Gobernuari “herriaren hitza errespetatzeko” eskatu diote. Gainera, Baztanen 860 etxebizitza huts eta 520 bigarren etxebizitza daudela gogorarazi dute. ”Nafarroako Gobernuak eta aldeko alderdi politikoei proiektua gelditu eta atzerapauso bat ematea" dagokiela adierazi dute. Hala ere, borrokan jarraituko dutela eta proiektua gelditzeko "behar diren ekintzak" egingo dituztela azpimarratu dute. 

Plataforma ez da proiektu urbanistikoa salatzen duen bakarra. Baztango Udalak ere salaketa aurkeztu du enpresaren kontra eta LAB sindikatuak ere Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian salatu zuen. Gainera, Lekarozko alkatetzak maiatzaren 13an hondeamakinek egindako “txikizioa” salatu zuen, ehunka urte zituzten haritzak moztu zituztelako, besteak beste.

 

 

Argazkia: Ekinklik
Argazkia: Ekinklik
Argazkia: Ekinklik
Argazkia: Ekinklik