argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagun galizieraren normalizazioaren alde Santiago de Compostelan
  • Milaka pertsona bildu dira maiatzaren 17an (Galiziako Letren Eguna) Santiago de Compostelan, Queremos Galego taldeak deitutako manifestazioan. Erakunde publikoek azken urteetan sustatutako hizkuntzaren atzerakada salatu dute mobilizazioaren karietara zabaldutako manifestuan. BNG, Anova eta IU alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira bertan.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko maiatzaren 17a
Manifestazioa jai giroan egin dute (Argazkia: Olalla Rodil/Sermos Galiza).

“Galizian, galegoz”, “Galizia aske, herri boterea”, “Galiziako ikasgeletan galiziera nahi dugu” oihuak izan dira nagusi jai giroan egindako manifestazioan, Sermos Galiza agerkariaren kronikak jaso duenez.

1983tik ospatzen da, maiatzaren 17an, Galiziako Letren Eguna. Aurtengoan Manuel María poetari egin zaio omenaldia. Manifestazioan, Maríaren aurpegia eta haren esaldi bat erakusten zuen afixak eraman dituzte: “Irabazi nahi badugu nahitaezkoa dugu hizkuntza”.

PPren politikaren ondorioak

Manifestazioaren deitzaileak, Queremos Galego elkarteak, egun batzuk lehenago zabaldutako manifestuan salatu egin ditu azken urteetan PPk Galiziako Gobernuan egindako hizkuntzaren aurkako politikak. “Ondorioak garbi ageri dira: galizierak justizian, administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen presentzia hutsaren hurrengoa da; Haur Hezkuntzako geletatik desagertu egin da, eta 2010eko ‘decretazo’-ak heren batera mugatu nahi du irakaskuntzan duen lekua; galiziera sektore ekonomiko gehienetatik kanporatua izan da, eta enpresek hiztunei egindako diskriminazioa onartu egiten da…”.

Irakaskuntzan hartutako neurriak, zehazki, galiziera bere lurrean atzerriko hizkuntzen pare jartzearen atarikotzat jo ditu Queremos Galegok.

Queremos Galegok gogorarazi du egoera hori salatu izan dela nazioartean eta bai Xunta bai Espainiako Gobernua ohartarazi dituela Europako Batzordeak, galizierarekiko politikak direla eta. Era berean, hizkuntzaren normalizazioan egindako aurrerapausoak jendartearen ahalegin hutsari esker egin direla nabarmendu du elkarteak.