Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, bezperan izandako lau eraso salatzeko. Berriozarren eta Tuteran bi gizon atxilotu dituzte sexu abusuengatik.
Zuri gorriz eta aldarri feministaz jantzi dira Iruñeko karrikak. Iruñeko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du uztailaren 7an, 21:30ean Gazteluko plazan, sanferminen lehenengo egunean intentsitate altuko sexu eraso bat eta intentsitate baxuko hiru abusu sexista izan direla salatzeko. Igande goizaldean izan da sexu erasoa, Alde Zaharrean, eta Poliziak 31 urteko gizon bat atxilotu du. Elkarretaratzearekin bat egiteko zenbait tabernek, elkartek eta txosnek ateak itxi eta kontzertuak eten dituzte.
Mugimendu feministaren mezua argia izan da: “Gurekin jai duzue, erasotzaileak kanpora!”. Gizonengan jarri dute ardura eta fokua: “Arazoa ez dira instituzioak, mugimendu feminista eta are gutxiago erasoak jasaten dituzten emakumeak. Arazoa etengabe eraso egiten diguten gizonak dira”. Horregatik, erasotzaileak babestu eta emakumeak zalantzan jartzen dituen kultura baztertzera dei egiten dute.
Emakumeek askatasunez bizitzeko eskubidea dutela nabarmendu dute. Gaineratu dute hori bermatzeko gizonek erasoen kontrako “jarrera aktiboa” izan behar dutela: “Erasotzeari uzteko esaten diegu gizonei. Zuengatik gaude hemen; etengabe erasotzen gaituzuelako”.
Emakumeen eskubideak bermatzera bidean, Gazteluko plazan puntu more bat dago urtero. Helburua da erasoen inguruko aholkuak eta informazioa ematea eta sentsibilizatzea. Horrez gain, erasoak salatzeko gunea ere bada. Gunea bestetan zabalik dago, 11:30etatik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara. Puntu moreaz gain, 660344692 telefonora ere deitu daiteke erasoak salatzeko.
Eraso eta atxilotu gehiago Nafarroan
Ez dira azken egunetan Nafarroan salatu dituzten eraso bakarrak. Ostiralean, uztailaren 6an, 23:00ak aldera, gizon bat atxilotu zuten foruzainek Berriozarren. Emakume bati sexu erasoa egiteagatik espetxeratu dute.
Horrez gaiz, gizon bat atxilotu dute Tuteran emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Larunbatean, uztailaren 6an, 07:00ak aldera emakume batek udaltzaingora deitu zuen salatzeko gizon bat jazartzen ari zitzaiola. Poliziak bertara jo, eta gizona atxilotu zuen sexu erasoa egotzita. Foruen plazako kamerek grabatu zuten erasoa. Atxilotua espetxeratu egin dute epailearen aginduz.