argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagun elkartu dira euskal eskola publikoaren jaian, hezkuntzaren burujabetza aldarrikatzeko
  • Milaka lagun elkartu dira Sortzen elkarteak antolaturiko D ereduaren aldeko festan. Urte osoan egindako lana ospatzera Iruñera hurbildu diren pertsonei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek eta Sortzen hezkuntzaren burujabetza lortzeko sortu zela gogorarazi dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 22a
Arg.: ahotsa.info

“Auzo bizi onaren eskola” lemapean ospatu dute aurtengo euskal eskola publikoaren jaia Iruñean. Antonutti parkean amaitu den “kalejira aldarrikatzailearekin” hasi da eguna, eta Lekarozko eskolako familiek piztutako suziriak eman dio hasiera jaiari.

Sortzen jaia urte osoan egindako lana ospatzeko eguna dela esan dute elkarteko kideek. “Bestelako eskola-eredu bat nahi duten guztiak batzen gaituen eguna da”, adierazi dute, “norbanako zein herri gisa dagozkigun hezkuntza eskubideak bermatuko dituen eskola eredu bat nahi dugunona”.

Auzo eta herrietan, eragile eta herritarrekin elkarlanean, euskaldunak izango diren ikasle eleaniztunak sortuko dituen eredu bat aldarrikatu dute, aniztasuna aberastasun gisa ulertuko duena. Heziketa prozesuan emozioen eta sormenaren garrantzia azpimarratu dute, baita edukien transmisio hutsa alboratu eta bizipenei garrantzia ematea ere.

Eskola eredu horren norabidean jasotzen dituzten trabak salatu dituzte. “Madrilek inposatu eta bertoko administrazioek ezartzen dituzten legeen eraginei” aurre egitearen garrantzia azpimarratu dute eta horretarako burujabetza lortzeko ekimenak eta edukiak sortzea ezinbestekotzat jo dute. “Sortzen horretarako sortu zen eta bide horretan jarraituko dugu: mantso-mantso, baina gelditu gabe eta arrastoa utziz”, aldarrikatu dute.

Azken urteetan festa Iruñerriko hainbat herritan egin ondoren, aurten Iruñera ekarri dute berriz eta itzulera arrakastatsua izan da. Ohikoan Takonera parkean egin bada ere, honen ondoan dagoen Antoniuti parkean egin da lehenbiziz festa, eta bertaratutako herritar askok azpimarratu zuen tokiaren egokitasuna.

Ahotsa.info-k egindako bideoa: