4.000 lagun inguruk egin dute Urretxu eta Zumarraga arteko bidea, Otamotz atariaren arabera. Apirilaren 20an greba deitu dute eskualdean.
Astearte goizaldean itzali dute Zumarragako Arcelor Mittalen labea, lantegia ixteko zuzendaritzaren erabakiak atzera bueltarik ez duen seinale, askorentzat. Langileek 24 orduko greba egin dute eta jende andana bildu da kontzentrazio eta manifestazioan.
Arratsaldeko manifestazioa eskualdean inoiz egindako jendetsuena izan da, 4.000 lagun bildu dira Otamotz atariaren arabera; bi herrietako saltoki eta taberna gehienek ere pertsianak itxi dituzte protesta moduan. Eguerdiko kontzentrazioan, berriz, Bergara eta Olaberriako plantetako langileak batu zaizkie Zumarragakoei.
Altzairutegiko langileekiko elkartasuna Urola Garaia osora hedatuko da apirilaren 20an, greba deitu baitute egun horretarako eskualde osoan.
Lantegia ez ixteko langile eta erakundeen aldetik mugimendu handia nabari bada ere, Arcelor Mittalek jarrera ez da aldatu. Gaur beste behin bilduko dira enpresa batzordea eta zuzendaritza.