argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagun Bilbon eskola publikoaren alde
  • Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eskola publikoari “lehentasun osoa” ematea eta hezkuntza pribatu eta itaunduari “mugak jartzea” eskatu du. Jaurlaritzari eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eskatu diete sustatzen ari den Hezkuntza Akordioak oinarri horiek izan ditzala.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 08a
Argazkia: Ecuador Etxea

“Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez” zioen pankartaren atzean milaka herritar batu dira Bilbon larunbata arratsaldean. Gotzon Hermosilla Berria-n azaldu duenez, mobilizazio amaierako ekitaldia Arriaga plazan amitu denean azken manifestariak Plaza Zirkularrean ziren oraindik. Hezkuntza arloko dozenaka eragilek deitu edo babestu dute manifestazioa, tartean LAB, STEILAS, CCOO, ESK, CNT eta ELA sindikatuak, edo 127 ikastetxe, haur eskola eta guraso elkartek.

Eskola publiko, euskaldun eta inklusiboa

Burua Arriaga plazara heltzean pailazo batzuek girotu dute manifestazioa, eta ondoren Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako ordezkariek hartu dute hitza. Bertaratutakoei zorionak eman dizkiete lehenbizi: “Euskal Eskola Publikoaz harro gaudela esateko eta hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko bildu gara gaur”: Azaldu dute EAEko hezkuntza sistemak, “erdia publikoa eta erdia pribatu-itundua”, eskola publikoaren aurka egiten duela, eta horrek “segregazioa” eta “gizarte haustura” dakartzala. “Bi hezkuntza-sareak ez dira berdinak eta ezin dira parekatu bere tratamendu politikoan eta babes mailan. Eskola publikoa da inklusiboa den sare bakarra, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta gehien euskaldundu eta euskalduntzen duena”.

Plataformaren aldarrikapenak laburtu dituzte hizlariek. Administrazioak “lehentasun osoa” eskola publikoari emate exijitu dute: “Eskola bakarra aldarrikatzen dugu, publikoa, euskalduna, inklusiboa”. Hezkuntza pribatua eta itundua mugatzeko ere eskatu dute, eta eredu bakarra sustatzea: : “Euskarazko murgiltze eredua orokortu behar da eta diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak”.

Jaurlaritza eta Bildarratz

Jaurlaritzari eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari interpelazio zuzena egin die Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Ikastetxeak publifikatzeko “araudi adostua” garatzeko eskatu diete eta, “EAEn Hezkuntza Akordio berri bat egin nahi den momentu honetan”, aldarrikapen eta balore horiek guztiak aintzat hartzea: “EAEn Hezkuntza Akordio berri bat egin nahi den momentu honetan”