Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.
Nahi duenarentzat goizean goizetik dago zer egina Nafarroaren Egunean: 09:00etan abiatuko dute merkatua eta azokatik hurbil-hurbil den ikastolan berriz gosaria eskainiko dute, Kuxkuxtu txarangaren konpainian. Hainbat herritako dantzarien desfilea, ziganteak, Larrain-dantza, txarangak, gaita joleak… beste behin eta betiko doinuan hartuko dute Baigorri milaka euskaltzalek. Antolatzaileen erranetan, aurten "folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna izanen dute aldarri: "Hizkuntza ez ezik, etxeak eta herriak hil eta folklore bihurtzen ari zaizkigu, museo, azken finean. Harrizko estatu mugiezin ederra izan daiteke oporretarako erabiltzen den etxea, urtean bizpahiru aldiz irekitzen dena eguzkia hartzeko".
Euskara eta euskal kultura ardatz harturik, egitarau oparoa prestatu du Basaizea elkarteak. Besteak beste, Kiki Bordatxo, Cumbian Bero eta Belako taldeen kontzertuak entzuteko aukera izanen da eta DJ Uzkuluzek hartuko du gauaren azken zatia.
Igandeko egun handiaz gain, bezperan, apirilaren 27an Ai gure juaneteak antzerki musikatua izanen dute Baigorriko Biletxean, eta ondotik, maiatzaren 1ean, Mejillon Tigre olerki errezitaldia izanen dute Arrosako Elgenia ostatuan.
9:00 - Merkatua Gaineko Plazan
9:00 - Askaria ikastolak Kuxkuturekin.
11:00 - Desfilea Behereko plazatik. Ortzadar Dantza Taldea, Eskiulako Dantza Taldea eta Otsagabiako Dantza Taldea, makilariak, basaldunak, Nafarroako eta Baigorriko Ziganteak, trikitilariak, txistulariak, gaiteroak, Uztaritzeko Txaranga, Ezpela.
11:30 - Ekitaldia Elizako plazan.
12:00 - Bas`hitza. Irrintzina.
13:00 - Larrain-dantza eta jauziak.
14:00 - Ikastolako bazkaria Plaza Xokon.
Arratsaldean, Behereko plazan: Rakatapunk eletrotxaranga, Gaitisan Txaranga, Eletrotxorongo eletrotxaranga eta Tukutuku txaranga, egun osoan.
Haurren Txokoa: puzgarriak, egurrezko jokoak, aurpegi tindaketa... 17:00etan, Pontx pailazoa; eta 18:00etan, Zirko Ikusgarria.
15:00 - Bertso saio musikatua, Amets Arzallus, Xabat Illarregi, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariekin. Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi musikariekin eta Amaia Castorene eta Xalbat Alzugaray gai-emaile lanetan.
16:30 - Dantza ikusgarria.
17:30 - Kiki Bordatxo.
20:00 - Cumbian Bero.
22:30 - Belako.
00:00 - Dj Uzkuluz.